Politika -

Primarioak

Maiorga Ramirezek EAko idazkari nagusia izateko hautagaitza aurkeztuko du

Hilaren 25ean, alderdiak primarioak egingo ditu, Pello Urizarren ondorengoa hautatzeko. Urizarrek ekainean eman zuen dimisioa.

Ramirezek Carlos Garaikoetxearen babesa du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Ramirezek Carlos Garaikoetxearen babesa du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Ramirezek Carlos Garaikoetxearen babesa du. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramaile Maiorga Ramirezek hautagaitza aurkeztuko du Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia izateko. Hilaren 25ean egingo ditu primarioak EAk, idazkari nagusi berria hautatzeko.

Onda Vascan eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, EA, Ramirezen iritziz, "sendo" egon behar da "EH Bildu ere sendo egoteko", eta horregatik erabaki du, horren esanetan, bere burua aurkeztea. Gainera, alderdiko idazkari nagusi eta lehendakari izan zen Carlos Garaikoetxearen "konbentzitzeko gaitasunean" konfiantza osoa duela esan du.

2017ko ekaineko kongresuan ere aurkeztu zen politikari nafarra, alderdiaren liderra izateko, baina Pello Urizar gailendu zitzaion, alde txikiarekin. Urizarrek dimisioa eman zuen ekainean, eta dimisio horrek abiatu zuen haren ondorengoa hautatzeko prozesua.

Prozesu polemikoa izan da. EAren Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako koordinatzaileak (Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Miren Aranoa, hurrenez hurren) buru dituen sektore kritikoak auzitegietara eraman du alderdiaren afiliazio-datuetarako sarbidea izateko euren eskaria, eta alderdiak espediente bana irekitzea ekarri du horrek.

EA indartzea, EH Bilduren barnean

Sektore kritikoaren ustez, EA EH Bilduren barnean indartu behar da, alderdiak indarra galtzea saihesteko, nahiz eta Sorturekin, Aralarrekin eta Alternatibarekin osatzen duen koalizioarekin erabateko konpromisoari eustearen aldeko apustua egiten duen. Aukera horren alde egiten du Carlos Garaikoetxeak, Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzaileak, eta Garaikoetxeak berak bultzatu du Maiorga Ramirez EAko liderra izateko hautagaitza aurkeztera.

Urriaren 25etik aurrera EAren jardueran aldaketa egotea nahiko luke Ramirezek, "alderdia indartzeko, EH Bildu indartzeko, beharrezko lana egin dezan EH Bilduk herrialde honetan gehiengo nabarmenak lortzeko oinarrizkoa den zentro-ezkerraren babesa bereganatzeko".

Nafar buruzagia EAren barne-zatiketaz ere mintzatu da. Horren hitzetan, alderdia "krisi guztietatik indartuta aterako da", baina azken hilabeteotako eztabaidak "tristura handia" eragin duela onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Carlos Garaikoetxea bideoak Alderdi politikoak albisteak Eusko Alkartasuna Eguneko albisteak Albisteak