Politika -
Bilera sorta
PSErekin eta PPrekin 'itun globalak" baztertu ditu Urkulluk
"Hauteskundeetako emaitzen interpretazioa herriz herri eta lurraldez lurralde" egin behar dela adierazi du EBBko presidenteak.
Erredakzioa
PSErekin eta PPrekin "itun globalak" ixteko aukera baztertu du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak, "beste garai batean gaudelako" eta "herriz herri eta lurraldez lurralde interpretazio bat" egingo dela erantsi du.
PP eta PSE banan-banan bildu dira gaur goizean jeltzaleekin Eusko Legebiltzarrean. Bertan erakundeen egonkortasuna lortzeko hiruko itun bat proposatu diote EAJri.
SER irratian egindako elkarrizketan, itun globalak "bizitzen ari garen garaiarekin bat ez" datozela azaldu du Urkulluk, "hauteskundeetako emaitzen interpretazioa herriz herri eta lurraldez lurralde" egin behar delako.
Urkulluren hitzetan, "aniztasun horren aurrean itun globalek ez dakarte ezer onik. Gainera, PSEk eta Lopez lehendakariak proposa dezaketen itun globala premisa batean oinarriturik dago, PSEren eta PPren arteko aurretiazko ituna, alegia".
Horrela, programen araberako akordioak lortzeko alderdi guztiekin elkarrizketak izatea defendatu du Urkulluk, eta jeltzaleek "aurkako" itunik ez dutela egingo errepikatu du.
Kritikak lehendakariari
Bestalde, EAJrekiko Patxi Lopez lehendakariak azaldutako jarrerak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaia "behar baino azkarrago akabatu" dezakeela ohartarazi du agintari jeltzaleak.
Lopezek atzo eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur egindako adierazpenekin "haserre" agertu da Urkullu.
"Nik Madrilera joateak Lopez mintzea ulertzen dut, izan ere, berak egin beharrekoa egiten ez duenaren seinale da hori", esan du Urkulluk.