Politika -
EKITALDIA GASTEIZEN
Espainiako Gobernuak Guardia Zibila Euskadin mantenduko duela berretsi du Lozak
Urriaren 12ko jaia dela eta, Gasteizko Sansomendi kuartelean izan da Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria. Bertan, Guardia Zibilen lana eta "sakrifizioa" goraipatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pilarreko Andra Mariaren eguna dela eta, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria Gasteizko Sansomendi kuartelean izan da, Guardia Zibilaren patroiaren omenezko ekitaldietan. Bertan, Espainiako Gobernuak Guardia Zibila Euskadin mantenduko duela esan du eta ETAren amaieran izan duen "oinarrizko papera" goraipatu du.
Agenteei euren lana eta terrorismoaren kontrako borrokan egindako "sakrifizioa" eskertu die. "Inoiz ezin izango diegu zuen familiei nahikoa eskertu, pasatu behar izan dituzten estutasun orduak. Eskerrik asko, bene-benetan", berretsi du.
Euskadiko herritarren segurtasuna, eskubideak zein "bizikidetza, bakea eta askatasuna" bermatzeko, Guardia Zibilak bere lana "duintasunez, zuhurtziaz eta sendotasunez" egin izan duela gaineratu du.
Ildo horretan, terrorismo jihadistaren kontra, narkotrafikoaren kontra, krimen antolatuaren eta pertsonen trafikoaren kontra egindako lana nabarmendu du, baita Biarritzeko G7ko goi-bilera zela-eta garatutako polizia-operatiboa ere.
"Altu eta ozen esan dezagun 'gera daitezela', eta Espainiako Gobernuak zuek Euskadin mantentzeko konpromisoa berresten du. Batzuek 'alde hemendik' esaten dizuete oinarrizkoak izan zaretelako euren porrotean", esan du.