Itxi

2019/10/12

19:42

Politika

Matxinada baztertuta

Gorenak buruzagi independentistak sedizioagatik zigortuko ditu, filtrazioen arabera

eitb.eus

Marchenak filtrazioak deitoratu ditu, baina ezin daitezkeela saihestu erantsi du. Hala ere, filtrazioak baieztatzea "zentzugabekeria" litzatekeela uste du magistratuak.

1:03
Proces auziaren epaiketaren irudia
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, Kataluniako buruzagi independentistak zigortzea erabaki dute epaileek, azken orduetan hainbat komunikabidetan izandako filtrazio anitzen arabera. Gauzak horrela, matxinada delitua baztertuko lukete epaileek.

Iturri judizialak aipatuta, EFE albiste-agentziak jakitera eman duenez, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko zazpi epaileek erabakita zeukaten epaia astelehen honetan zabaltzea, baina orain litekeena da hori atzeratzea.

Espetxe-zigorrak zeintzuk izango diren jakiteke dago, baina dirudienez, epaileek adostu dute matxinada delituagatik akusatuak zigortzeko baldintza nahikoak ez direla betetzen.

Estatuko Abokatuaren tesietatik gertu egongo litzateke ondorio hori; izan ere, horrek defendatu egin zuen 2017ko udazkenean Katalunian gertatutakoak ez zuela matxinada delituarekin loturarik, horren iritziz, ez baitzen indarkeriarik izan.

Hori da, hain justu, matxinada eta sedizio delituen arteko desberdintasun nagusia. Fiskaltzak matxinada delituaren alde egin zuen hasiera-hasieratik. Sedizio delitua, ordea, 15 urte arteko kartzelaldiarekin zigortzen da, eta publikoki eta istiluak eraginda, indarrez edo legez kanpoko bideak erabilita, legeen aplikazioa galaraztean datza.

Auzitegi Gorenak baztertu omen duen matxinada delituaren ondorioz, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta bost kontseilari ohi kargugabetu zituzten, eta horrek ekarri zuen independentismoak Kataluniako Parlamentuan gehiengo osoa galtzea.

Marchena: "Epai bat ez dago prest azken epaileak sinatu bitartean"

Filtrazioen arabera, Oriol Junqueras presidenteordea eta espetxean dauden kontseilari ohiak (Joaquim Forn, Josep Rull, Jordi Turull eta Raul Romeva) diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik ere zigortzea erabaki dute epaileek.

Gainerako beste hiru akusatuak, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxel Borras kontseilari ohiak desobedientziagatik bakarrik zigortuko dituzte, baina delitu horrengatik ez dituzte espetxean sartuko.

Bestalde, Manuel Marchena Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko presidenteak larunbat honetan ohartarazi duenez, "epai bat ez dago prest azken epaileak sinatu bitartean".

Hispanitatearen Egunaren harira, Errege Jauregian kazetariekin izandako harreran egin ditu Marchenak adierazpen horiek. Horren arabera, ebazpena astelehenean edo asteartean zabalduko dute. Horren inguruan izandako filtrazioak deitoratu ditu, baina "saihestezinak" direla uste du.

Gainera, azken unera arte desadostasunak izan daitezkeela azpimarratu du, eta komunikabideetan zabaldutakoa baieztatzea "zentzugabekeria" litzatekeela adierazi du.
 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;