Politika -

'Proces' auziaren epaia

Nafarroako Parlamentuko taldeek zatiturik jaso dute Kataluniako prozesuaren epaia

Navarra Sumak eta PSNk "errespetuz" jaso dute. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdiek, berriz, Gorenaren epaia gaitzetsi dute.

Nafarroako Parlamentua. Artxiboko argzkia: EFE
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua. Artxiboko argzkia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko taldeek zatituta jaso dute Kataluniako prozesuaren epaia; Navarra Sumak eta PSNk "errespetuz" hartu dute eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E taldeek ebazpena kritikatu dute.

Nafarroako alderdi guztietako ordezkariek hitz egin dute astelehen honetan Foru Parlamentuan Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuaren harira emandako epaiaren inguruan.

Javier Esparza Navarra Sumako ordezkariak "errespetuz" jaso du epaia; halaber, "Espainiako demokrazia sendoa dela eta egiten duenak ordaintzen duela" esan du.

Bestalde, Ramon Alzorriz sozialistak epai judizialak errespetuz hartzen dituela esan du, eta "elkarrizketaren eta legearen alde" egin du auzi horretan.

Uxue Barkosen (Geroa Bai) esanetan, epai horrek "elkarrizketa politikoaren porrota erakusten du", eta elkarrizketa hori da hain zuzen "ezberdintasunak konpontzen laguntzen duenak", hori baita "une larrienetan behar dena".

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailearen ustez, "erabateko eskandalu demokratikoa da" epaia. "Kataluniako herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu behar dute gaurkoan", gaineratu du.

Mikel Builek (Podemos), berriz, magistratuek ezarritako zigorrak gaitzetsi ditu eta "epaileek ere politika egiten dutela argi uzten duela" esan du. Builen ustez, "gertatutakoak ez ziren inoiz epaitegietara eraman behar izan".

Kataluniako politikari independentisten aburu berekoa izan ez arren, Marisa de Simonek (I-E) ere "neurrigabetzat" jo ditu zigorrak, "espetxeak ez baitu Kataluniako gatazka konpontzen lagunduko". Horrenbestez, "elkarrizketa, negoziazioa eta Errepublika Federalaren alde" egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Geroa Bai Nafarroa Auzitegi Gorena Epaiketak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Kataluniako prozesua zuzenean Navarra Suma