Politika -
Atxiloketak
Bi lagun atxilotu dituzte Bilbon eta Legution ETAren biktimak umiliatu dituztelakoan
Juan Manuel Piñuel hildako guardia zibilaren omenez jarritako elementuak kentzea eta apurtzea leporatzen diete. Atxiloketak Auzitegi Nazionalak agindu ditu.
EITB.EUS
Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu gaur Bilbon eta Legution (Araba), terrorismoaren biktimak umiliatzearen ustezko delitua egotzita. "Juan Manuel Piñuel ETAk hildako guardia zibilaren oroimenez jarritako elementuak kentzea eta apurtzea" leporatzen diete.
Guardia Zibilak ohar batean azaldu duenez, ikerketa 2017ko otsailean abiatu zuten, Legutioko kuartela zegoen tokian "agentearen oroimenez jarritako elementuak behin eta berriro kendu edota apurtzen zituztela" jabetu zirenean. Horrez gain, "erakunde terroristaren aldeko pankartak eta pintadak" ere egin zituzten leku berean. ETAk 2008ko maiatzaren 14an egin zuen Legutioko Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatuan hil zen Piñuel agentea.
Guardia Zibilak bi pertsona identifikatu ditu ekintzon egile direlakoan, eta horiek dira, hain justu, atxilotu hartutakoak.
Atxiloketak Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak agindu ditu eta Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko agenteek burutu dituzte.