Itxi

Politika

Kataluniako prozesuaren epaia

Sanchezek ez du 'ezer baztertzen'

Agentziak

Casadok 155ra bidean pausoak emateko eskatu dio, eta Iglesiasek "Casadorekin eta Riverarekin dagoen" ala beste bide bat hautatuko duen argitzeko.

1:33
Pablo Casado eta Pedro Sanchez / EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Pablo Casado PPko buruzagiari gaur (asteazkena) jakinarazi dionez, ez du "ezer baztertzen" eta, beharrezkoa izanez gero, "sendotasunez, proportzionaltasunez eta batasunetik" jokatuko du.

Pablo Casadorekin ez beste, Albert Riverarekin (Ciudadanos) eta Pablo Iglesiasekin (Unidas Podemos) batzartu da Moncloan, Kataluniako istiluak aztertzeko.

Jarduneko Gobernuko iturriek salatu dutenez, Katalunian gutxiengo bat indarkeria nagusitzen eta bizikidetza hausten saiatzen ari da. Horren aurrean, istiluak tinko gaitzesteko eskatu diote independentismoari.

"Agerikoa da ez dela mugimendu baketsua; muturreko talde batzuk ari dira koordinatzen, eta kalean indarkeria ari dira erabiltzen, Kataluniako bizikidetza hausteko", Espainiako Gobernuaren hitzetan.

Egoera horren aurrean, Gobernuak segurtasun-indarren lana goraipatu du: "Ordenari eta bizikidetzari eusteko dabiltza lanean". Babes-mezua helarazi die zauritutako mosso eta Polizia Nazionaleko agenteei. "Gobernuak segurtasuna eta bizikidetza bermatuko ditu Katalunian, eta gogora ekarri nahi du, halaber, irmotasunetik, proportzionaltasunetik eta batasunetik jardungo dela, beharrezkoa balitz", azpimarratu du.

Pedro Sanchezek Casadorekin, Riverarekin eta Iglesiasekin hitz egin zuen astelehenean, telefonoz, Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan ostean.

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak baztertu egin du Konstituzioaren 155. artikulua eta Segurtasun Nazionalerako Legea ezartzea Katalunian egungo egoeran, baina Generalitateari arduraz jokatzeko eskatu dio, ez baitu uste "jarrera arduratsua" duenik.

Casado

Casadok bilera horretan Sanchezi eskatu dio ostiraleko Ministroen Kontseiluak Quim Torrari "errekerimendu" bat bidal diezaiola "behar konstituzionalak eta legalak" bete ditzan, 155. artikulua ezartzeko lehenengo pauso gisa.

PPren buruzagiak Espainiako Gobernuari eskatu dio "prest" egon dadila aipatu artikulua aplikatu behar izatekotan.

"Aurreikuspen ezak" jarduneko presidentea "gainditu" duela uste du, eta ohartarazi dio mekanismo guztiak dituela "onartezina den indarkeriaren gorakadari" aurre egiteko.

Era berean, ERCrekin eta PDeCATekin dituen akordioak berehala eteteko eskatu dio Sanchezi, eta Fiskaltzak Torraren eta Roger Torrent Parlamentuko presidentearen aurka egin beharko lukeela gaineratu du, "desordena publikoetarako eta desobedientziarako" deia egin dutela iritzita.

Iglesias

Iglesiasek esan du Espainiako Gobernua babestuko duela Kataluniako giroa baretzen lagunduko duten neurrietan, eta PSOEri eskatu dio argi dezala "Casadorekin eta Riverarekin dagoen", ala beste bide batean.

Moncloan emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, ez zaio iruditzen Espainiako Gobernuak "salbuespen neurririk hartzeko asmoa duenik", eta berretsi du 155ak ez zuela gatazka konpontzeko balio izan. Iglesiasek azpimarratu du bere apustua "adiskidetzea" dela.

Bestalde, Sanchezek Iglesiasi "baturik ekitea"ren garrantzia helarazi dio, eta irmo, proportzionaltasunez eta batasunez erantzungo duela hitzeman dio, Moncloako iturriek jakitera eman dutenez.

Rivera

Albert Rivera Ciudadanosen buruak 155. artikulua "berehala" eta "benetan" aplikatzeko eskatu du, aurrekotik "azkarregi eta gaizki" atera zirela iritzita.

Gainera, Quim Torra presidentearen dimisioa eskatu du, Katalunian bizi duten "larrialdi nazionalaren" arduradun eta "gidari suizida" dela iritzita.

Sanchezi eskatu dio Kataluniara bidal ditzala "prest dauden agente guztiak" erkidegoa "blindatzeko", eta Gobernuak proposatzen dituen neurriak PPrekin eta Ciudadanosekin adostutako "Estatu plana" izan dadila.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena