Politika -

'Proces'en epaia

'Infiltratuek' Bartzelonako astearteko istiluak eragin zituztela salatu dute

'Publico' egunkariak hainbat bideo eta argazki kaleratu ditu froga gisa. Espainiako Barne ministroak "erabat" ukatu du, eta "intoxikazioei" egotzi die informazioa.

Manifestari bat Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza babesten zuen hesia bota nahian, asteartean. EFE
Manifestari bat Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza babesten zuen hesia bota nahian, asteartean.
Manifestari bat Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza babesten zuen hesia bota nahian, asteartean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Público egunkariak gaur salatu duenez, manifestarien artean 'CDRetakoak ez diren infiltratuek' Bartzelonan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, asteartean izan ziren istiluak eragin zituzten. Hori frogatzeko, Sergi Camara kazetariaren bideo eta argazki batzuk kaleratu ditu. Asteartean istilu larriak eta Poliziaren kargak izan ziren Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean.

Camarak egunkariari azaldu dionez, ANCk eta Omniumek deitutako elkarretaratze baketsuari argazkiak ateratzeko joan zen Bartzelonara. Bat-batean, kaputxadun bat ikusi zuen manifestarien eta Mossoen artean zeuden hesiak botatzen. Ondoren, berak grabatutako bideoan entzun daitekeenez, gizona beste bi kaputxadunengana joan zen eta honakoa esan zien: "Listo, bota dugu hesia, orain istiluak sortuko dira". Besteek hauxe erantzun zioten: "Orain gazteleraz hitz egin dezakegu, ez dago arazorik", eta "Kaputxa kendu dezakegu, nik oraintxe egingo dut".

Handik gutxira mosso gehiago heldu zirela kontatu du Camarak, eta kazetariei bakarrik utzi zietela bertan geratzen. Kazetari horren arabera, agenteek ez zieten ezertxo ere esan sasi-manifestariei, eta hirurak polizia-hesiaren atzean geratu ziren.

Hain justu, istiluak infiltratutako poliziek eragin zituzten galdetu diote gaur Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroari, eta "erabat" ukatu du. "Erabat ukatzen dut. Intoxikazioen garaian gaude, desinformazio garaian. Herritarren segurtasuna bermatzen ari da Polizia, ez besterik", nabarmendu du.

Horrez gain, esan du balitekeela Europako beste herrialde batzuetatik ezker muturreko taldeak iritsi izana manifestazio baketsuak "izorratzera", eta esan du G7ren kontrako mobilizazioetan ere halatsu gertatu zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Kataluniako prozesua zuzenean