Politika -
Elkarretaratze antifaxista
Aske utzi dituzte Bilbon Voxen aurkako protestan atxilotutako 18 lagunak
18 atxilotuen artean sei adingabe daude, eta horiek ere aske eta gurasoen esku geratu dira, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Voxek Bilbon egin zuen ekitaldiaren aurkako protestetan desordena publikoak egotzita atxilotu zituzten 18 lagunak libre geratu dira, epailearen aurrean deklaratzeko zain, inputatu eta identifikatu zituzten gainerako 12 lagunen moduan.
18 atxilotuen artean sei adingabe daude, eta horiek ere aske eta gurasoen esku utzi dituzte, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Liskarretan zauritu zen ertzainetako bati ebakuntza egingo diote, eta beste batek baja hartu du.
Sare Antifaxistak deituta, 200 bat pertsona bildu ziren atzo Bilbon, Euskalduna Jauregiaren aurrean, Voxek bertan egin behar zuen mitinaren aurka protestatzeko. Istiluak sortu ziren eta faxismoaren aurkako talde horren kontra kargatu zuen Ertzaintzak.