Politika -
Protesta
Pinturazko globoak bota dituzte Mossoen furgoneta baten aurka Barne Kontseilaritzan
'Proces' auziko epaiaren kontrako protestak hasi zirenetik, 65 kazetari zauritu dira, lanean ari zirela.
Agentziak | Erredakzioa
CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek deitutako elkarretaratze batean zeuden protestari batzuek pinturaz beteriko globoak bota dituzte Bartzelonan, Barne Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean, Esquadra Mossoen furgoneta baten aurka.
Protestan, 2.700 lagunek hartu dute parte, Bartzelonako Udaltzaingoak jakinarazi duenez.
Buch kontseilariaren dimisioa eskatzeko asmoarekin deitu dute CDR taldeek elkarretaratzea; izan ere, independentziaren aldeko ezkerreko hainbat erakundek kritikatu dute Buch azken egunotan, proces auziaren osteko istiluetan Mossoek izandako jokabideagatik.
Gerora, 20:30 aldera, CDR taldeek amaitutzat eman dute protesta, sare sozialen bidez; elkarretaratzean zeuden batzuk Kale Nagusirantz joan dira. Gaueko azken orduan, manifestariek eserialdia egin ostean, Mossoek karga batzuk egin dituzte.
Bitartean, dozenaka lagunek (bereziki, gazteak) protesta egin dute Lleidan, Voxeko agintari batzuk bertan zeudela. N-240 errepidea itxiarazi dute, eta "Francoren seme-alabak" eta "Lleida faxisten hilobia izango da" oihukatu dute.
65 kazetari, zaurituta
Astelehen honetan ere, Kataluniako Kazetarien Elkargoak zehaztu du 65 kazetari zauritu direla azken egunotan, epaia argitaratu osteko istiluetan lanean zebiltzala. Elkargoaren esanetan, "eraso horiek alarma-oihu dira, adierazpen askatasunaren eta prentsa askatasunaren urraketen aurrean".
"Kazetariak zeregin soziala du: herritarrei beharrezko informazioa helaraztea, horiek, modu askean, kontu publikoen gaineko iritzia osa dezaten. Norbaitek kazetari baten lana oztopatzen duenean, sistema demokratikoaren aurka ari da atentatua egiten", nabarmendu du Kazetarien Elkargoak.
Bestalde, Madrilen epaitegi batek astelehen honetan aske utzi ditu Espainiako hiriburuan larunbat gauean izandako elkarretaratzean atxilotutako hamar lagunak.
Dena den, guztiak ikertuko dituzte, ustez desordena publikoak eragin eta agintearen aurkako atentatua egin izana egotzita, iturri juridikoek azaldu dutenez.