Politika -
Katalunia
Sanchez Bartzelonan izan da gaur, baina ez da Torrarekin bildu
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak gutun bat igorri dio goizean Torrari, indarkeria irmo gaitzesteko eta "herritarren arteko haserrea saihesteko" duen betebeharra gogorarazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea Bartzelonan izan da gaur goizean. Poliziaren Buruzagitza Nagusia eta 'proces' auziaren aurkako protestetan zauritutako poliziak bisitatu ditu. Jarduneko presidentea ez da Torrarekin bildu.
Goizeko lehen orduan Poliziaren Buruzagitza Nagusia bisitatu du Sanchezek, eta agenteei hitz batzuk esan dizkie, profesionaltasuna eta zerbitzu publikorako bokazioa eskertu dizkie, eta animo mezu bat helarazi die.
Ondoren, Espainiako jarduneko gobernuburua Sagrat Cor eta Sant Pau ospitaleetara joan da, eta han ospitaleratuta dauden poliziak bisitatu ditu eta gainerako zaurituei buruz galdetu die. Gainera, Gobernu osoaren eta, oro har, gizartearen babesa helarazi die, segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko eta "ordena publikoaren krisia" gainditzeko egindako ekarpenagatik.
Hainbat lagun zituen Sanchezek zain ospitaleetako irteeran. Oihu artean hartu dute jarduneko presidentea. Besteak beste, preso politikoentzat askatasuna eskatu dute.
Gutuna Torrari
Halaber, jarduneko presidenteak gutun bat bidali dio gaur goizean Torrari, eta arduradun publiko ororen hiru betebehar gogorarazi dizkio bertan: "indarkeria irmo gaitzestea, horren kontra jarduten duten segurtasun indarrak babestea eta herritarren arteko haserrea saihestea".
Zehazki, Generalitateko presidenteak larunbatean igorri zion gutunari erantzunez bidali dio gaurko mezua Sanchezek Torrari. Gutun horretan, telefono-deiak hartu ez izana eta inolako elkarrizketarik nahi ez izana leporatu zion jarduneko presidente espainiarrari. Halaber, indarkeriaren aurka borrokatzeko edo hura gaitzesteko orduan lezioak eman nahi izatea aurpegiratu zion.
"Urriaren 19an bidalitako gutunari eta egun hauetan egin dituzun eskaera publikoei erantzunez, gogorarazten dizut edozein arduradun publikoren lehen betebeharra herritarren segurtasuna zaintzea dela, bai eta indarkeriazko jokabideen aurrean edozein espazio publiko edo pribaturen segurtasuna zaintzea ere", erantzun dio Sanchezek Torrari.
Halaber, gogorarazi dio arduradun publiko baten "bigarren betebeharra" dela "herritar guztien arteko bizikidetza zaintzea eta haien arteko haserrea saihestea", eta egun hauetan bere jarrera "justu kontrakoa" izan dela leporatu dio.
Ildo horretatik, Generalitateko presidenteak Kataluniako hainbat tokitan indarkeria "irmo gaitzestea saihestu" duela azpimarratu du Sanchezek, liskarrak "bere bulegotik oso gertu ere" jazo diren arren.
Sanchezen arabera, Torrak "bizkarra eman die ordena publikoa babesten duten segurtasun indar autonomiko eta estatalei, profesionaltasun handiz eta arrisku larrien aurrean jardun badute ere".
"Indarkeria irmo gaitzestea, segurtasun indarrak babestea eta herritarren haserrea saihestea" dira Sanchezek Torrari egiten dizkion eskaerak, eta gogorarazi dio horiek direla "agintari batek bere gain hartu behar dituen hiru betebeharrak, edozein solaskideren aurrean bere komunitatearen ordezkaritza duintasunez izan nahi badu".
Torrak Sanchezi erantzun dio
Quim Torrak ere gutun bidez erantzun dio Sanchezi, eta, Bartzelonan dagoela aprobetxatuz, bilera astelehen honetan bertan egiteko gonbidapena egin dio.
"Hedabideen bitartez Katalunian zaudela jakin ostean, gaur bertan bilera egiteko prest nago. Horrenbestez, gutuna bidali eta gero, telefono bidez harremanetan jarriko gara zurekin baldintzarik gabeko elkarrizketa eskaintzeko", idatzi dio Torrak Sanchezi gutunean.
Bestalde, Sanchezi birritan deitu diola esan du Torrak, eta "ez du telefonoa hartu ere egin nahi izan", azpimarratu du. Generalitateko presidentearen ustez, hori ez da elkarrizketarako borondate zantzu ona.
Torraren Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, gutuna bidali ostean ere Sanchezi deitu diote, baina "ez du sakelakoa hartu". Horrenbestez, Generalitatetik mezu bat bidali diote bileraren ordua zehazteko.
Tsunami Demokratikoa
Mila pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute astelehen goizean Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen Ordezkaritzaren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari elkarrizketa eskatzeko; izan ere, baliteke Espainiako presidenteak egoitza hori ere gaur bisitatzea.
Tsunami Demokratikoa plataformak "premiazko" deia egin du astelehen honetan, 13:00etatik 14:00etara, Bartzelonako Mallorca eta Roger de Lluria kaleen arteko bidegurutzean elkarretaratzea egiteko eta Pedro Sanchezi 'eseri eta hitz egin' eskatzeko.
Bartzelonako aireportua blokeatu ostean beste ekintza handi bat deitzeko zain, astelehen eguerdian, plataformak "orain eta gaur, Bartzelonako herritarrei premiazko deia" egin die, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean eserialdia egiteko, bertan bilduko baita Sanchez Teresa Cunillera Gobernuko ordezkariarekin.