Politika -

Itun politika

Bildu: 'Gobernagarritasuna PSEren eta PPren eskuetan utzi du EAJk'

Koalizioaren esanetan, "hautagai propioak aurkezteko jarrera neutralaren" atzean PPren eta PSEren botoak jasotzeko helburua dute jeltzaleek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk "eskuak garbitu" dituela adierazi du gaur Bildu koalizioak. Horrela, jeltzaleek "erakundeetako gobernagarritasuna konstituzionalisten esku utzi" dutela salatu du Bilduk. "Komunikabideen presioa eta Madrileko aginduen aurrean" PSEk hautagai nazionalistak babestea espero du EAJk, koalizioaren ahotan.

Peio Urizar, Amaia Agirresarobe eta Martin Garitano Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur EAJren biltzar nazionalaren erabakia aztertzeko. Udaletan eta Batzar Nagusietan hautagai propioak babesteko erabakia hartu zuten atzo jeltzaleek.

EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioaren esanetan, "EAJ Bilduren aurkako pankartaren aurrean jarri da", izan ere, "hautagai propioak aurkezteko jarrera neutralaren" atzean PPren eta PSEren botoak jasotzeko helburua dute jeltzaleek. PSE hori egitera "behartu" dezakete "komunikabideen presioak eta Madrilen aginduek", gaineratu du Bilduk.

"Gehiengo abertzalea sekula baino argiagoa da, baina erakundeen gobernagarritasuna bake prozesuari eta normalizazio prozesuari oztopoak jarri dizkiotenen eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartzen ez dutenen esku utziko du EAJk", deitoratu du Bilduk.

"Itunik edo loturarik gabeko alderdi gisa azaldu nahi izan du bere burua EAJk gizartearen aurrean, baina ez da egia", esan du Bilduk. "EAJk ez du itunik itxiko, baina bere erabakiak ondorioak izango ditu udaletan eta aldundietan, eta gizarteak badaki", erantsi du.

"Ez dago itunik"

Horrela, PPren eta PSEren interpretazioak baztertu ditu koalizio abertzaleak. EAJren erabakiak Donostiako Alkatetza eta Gipuzkoako Foru Aldundia Bilduren eskuetan uzten dituela uste dute sozialistek eta PPk.

Zentzu horretan, Bilduren hautagaien inbestidura errazteko EAJrekin "ezkutuko itunik" ez dagoela adierazi du Martin Garitano hautagaiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea