Politika -

Itunak Nafarroan

PP: 'Bilduk PSN babesten badu ondorioak izango ditu Jaurlaritzan'

Santiago Cervera PPko Nafarroako presidentea Roberto Jimenez PSNko hautagaiarekin bildu da. Bestalde, sozialistak laguntzeko borondatea azaldu du Ezkerrak.

Santiago Cervera PPko Nafarroako presidentea. Argazkia: EITB
Santiago Cervera PPko Nafarroako presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernua bereganatzeko PSNk Bilduren botoak erabiltzen baldin baditu horrek Eusko Jaurlaritzan "ondorioak izango" dituela ohartarazi die sozialistei gaur Santiago Cervera PPko Nafarroako presidenteak.

Nafarroako sozialistek bilera-sorta hasi dute eta Cervera Roberto Jimenez PSNko hautagaiarekin bildu da itun posibleak aztertzeko. Sanferminak baino lehen Gobernu bat erraztea agindu zuten sozialistek, eta emandako hitza betetzeko eskatu die gaur Cerverak. Era berean, Gobernura heltzeko Bilduren botoak ez erabiltzeko eskatu dio PSNri PPNko buruzagiak.

Bilera amaitu ostean egindako adierazpenetan, Nafarroako eta Euskadiko bigarren indarra izanik, batean PPren babesarekin gobernatzea eta bestean abertzaleen laguntzarekin egitea "bateragarria ez" dela "argi izan behar dute sozialistek, eta aukera egin beharko dute", azaldu du Cerverak.

"Hori egiteko tentaldia baldin badute, horrek EAEko egoeran ondorioak izango dituela jakin behar dute", ohartarazi du. PPko Euskadiko buruzagia eta alderdiko zuzendaritza nazionala jarrera horrekin "ados" daudela jakitera eman du Cerverak.

Bilera Ezkerrarekin

Bestalde, "ezkerreko politika sozialak" laguntzeko helburuarekin sozialisten Gobernu bat babesteko borondatea azaldu du Ezkerrak, PSNrekin izandako bileran.

Koalizioaren jarrera eskertu du PSNk, eta orain "garrantzitsuena programan eta edukietan adostasunak ote dauden aztertzea" dela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea