Politika -

presoak

Sarek manifestazioa deitu du urtarrilaren 11rako Bilbon

Manifestazioa "inflexio puntu garrantzitsua" izatea nahi du presoen aldeko sare herritarrak, Espainiako Gobernuak espetxe politikaren inguruan "urrats gehiago eta lehenbailehen" eman ditzan.

Sareren prentsaurrekoa gaur, Bilbon. Argazkia: @sare_herritarra
Sareren prentsaurrekoa gaur, Bilbon.
Sareren prentsaurrekoa gaur, Bilbon. Argazkia: @sare_herritarra

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte hasieran presoen eskubideen alde egin ohi duen manifestazioa aurkeztu du gaur Sarek. 2020ko urtarrilaren 11rako deitu du euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko plataformak. Manifestazioa "inflexio puntu garrantzitsua" izatea nahi du Sarek, Espainiako Gobernuak "ausardiaz" joka dezan eta espetxe politikaren alorrean "urrats gehiago eta lehenbailehen" eman ditzan.

Bilbon egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute martxa Sareren bozeramaileek, ondoan euskal gizarteko ordezkari ezagunak ondoan zituztela.

Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako oharrean nabarmendu dutenez, urtarrilaren 11n "zauriak itxi eta etorkizuna eraikitzeko dugun borondate sendoa" erakutsiko diote munduari.

Sareren iritzian, manifestazioa "inflexio puntu garrantzitsua izan behar da, iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duena gizartea aktibatzeko ziklo berri honetan". Izan ere, plataformak uste du presoen aldeko urratsak emateko unea dela: "Aldatu egin behar delako prozesuaren erritmoa. Orain, estatuan beste hauteskunde batzuk egiteko gutxi falta den une honetan eta, ziur aski, epe laburrean gobernu berria eratzea eragingo duten hauteskunde horien aurrean, berriro plazaratu behar dugu espetxe-politika aldatzeko beharra; irmo plazaratu ere, euskal erakundeetan hartutako zenbait erabakik ematen diguten babesa baliatuta".

Horren ildoan azpimarratu dutenez, "mobilizazio soziala gizarte garaikideen tresnarik garrantzitsuena da gehiengoak lortzeko, gizartea aktibatzeko eta aldaketa garrantzitsuak erdiesteko".

Sarek onartu du Espainiako Gobernuak "urrats txikiak" eman dituela espetxe politikaren arloan, eta honakoak jarri ditu adibide moduan: "preso batzuk, gutxi, hurbilago dauden espetxeetara ekarri ditu; baimenen bat eman du, eta zerbait humanizatu du gaixotasunak dituzten preso batzuen egoera". Orain, baina, "ausardia" eskatu behar duela uste du, "urrats gehiago emateko, urgentea baita". Horren harira, espero du Espainiako Gobernuak Frantziak emandako "urrats esanguratsuak" eredutzat hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Espainiako Gobernua Presoak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak