Politika -
Alfonso Alonso
'Diru-sarrerei eta gastuei buruz hitz egin dezagun aurrekontuak negoziatzeko'
Jaurlaritzaren kontuak negoziatzeko 'errenta ertain eta baxuen gaineko PFEZaren eztabaida mahai gainean jarri' nahi du PPk. Halaber, EAJren jarrera salatu du, guztiekin aldi berean eseri nahi delako.
Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontuen inguruan hitz egiteko, zerga-erreforma mahai gainean jartzea eskatu du berriro Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak. Ildo horretatik, zergen beherapena eskatu du, “herritarrek dirua poltsikoan izan dezaten”. Alonsok ziurtzat jo du Eusko Jaurlaritzak aldaketa fiskalak ezartzeko aukera duela, eta “inoizko diru-bilketa onena” lortu ostean, herritarrei “2013an egin zuten ahalegina itzultzeko ordua” dela nabarmendu du. Bere iritziz, zentzuzkoa da aurrekontuez hitz egitean diru-sarreren eta gastuen gaia jorratu ahal izatea. “EAJk negoziotzat ulertzen duena zera da: eseri zaitez nirekin eta aurrekontuak babestu, zure esku kopuru bat uzten badut”. Alonsok, “atxikimendu-hitzarmen” hori baztertu du, eta Jaurlaritzak “ezin” duela aldi berean PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin negoziatu esan du. Hala, aurrekontuei buruz hauxe esan du: “Errenta ertain eta baxuen gaineko PFEZaren eztabaida mahai gainean jar dezala”.
Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak Kataluniako gertaeren aurrean izan duen jarrera salatu du: “Ez da bere egitekoa auzitegien epaiaren aurka jotzea”. “Indarkeria gaitzestea eta legeari eta ordenari dei egitea faltan bota nuen”, gaineratu du. Alonsok Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan ziurtatu duenez, “Urkulluri portaera alderdikoiak aurpegiratzen dizkiogunean, jarrera instituzionalean babesten da”. “Urkulluk kritikak onartu behar ditu. Bere izena alferrik ezin daitekeela ahoskatu dirudi. Izan ere, zeozer aurpegiratzen diogunean santua balitz bezala erantzuten du”.
“Madrilen ordezkaririk ez izatea gogorra da”. Hala, pozik agertu da azaroaren 10eko hauteskundeetara begira "beste aukera bat" dutelako, eta erosoago agertu da Pablo Casadoren hitzaldi berriarekin, PPko burua "oso moderatuta" ikusten baitu. "Badirudi Sanchezek ez duela bere asmoa lortuko", esan du. Bestalde, alderdiaren baitan, egoerak hobera egin duela sumatu du: "Udaberrian baino askoz hobeto ikusten dut orain Alderdi Popularra. Zentsura mozio traumatikoa izan zen, eta oso ohikoa ez den prozesu baten ondoren, ondo gaude".
Alonsok gogora ekarri duenez “presidenteak argi utzi zuen, lehentasunezko bazkidea Ciudadanos da", baina "gai garrantzitsuenetan PSOErekin ados jarri ahal izatea" espero du, "muturreko alderdiek gobernagarritasuna baldintzatu ez dezaten". Testuinguru horretan, ondorengoa esan du: "Bipartidismoa faltan sumatzen dut. Ulertzen dut alderdi gehiagok eztabaida aberasten dutela, baina bi indar nagusitan elkartzea normaltasunaren eta heldutasunaren sintoma da".
"Inork ez du makila magikorik Kataluniako egera konpontzeko", adierazi du Alonsok. Hala,"legea eta ordena bermatzeaz gain, pedagogia egin" behar dela esan du.