Politika -

Hauteskundeen ondorioak

Aranaren dimisioa eskatuko dute 'zatiketa' sustatzen jarraitzen badu

Ezker Batuko zenbait militante beteranok prentsaurrekoa eman dute eta, hauteskundeetako emaitza txarren ondoren, alderdiko "zati handi batek" Aranaren "dimisioa" eskatzen duela adierazi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Batuko kide batzuek Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren dimisioa eskatuko dute EB "zatiketara" eramaten jarraitzen badu eta barne batasuna sustatzen ez badu.

Horixe azaldu dute Jose Navas Gasteizko zinegotzi ohi eta EBren Kontseilu Politikoko kideak eta Isabel Lopez Aulestia Gipuzkoako kideak Bilbon emandako prentsaurreko batean, "militante historikoen" izenean.

Aulestiak adierazpen bat irakurri du eta testua Aranari helaraziko diotela jakinarazi du. Testu horretan koordinatzaile nagusiari EB osatzen duten "sentsibilitate guztien arteko elkarrizketa prozesua bideratzeko" deia egin diote, alderdiaren batasuna berreskuratzeko, izan ere, zatiketa omen dago egungo koordinatzailearen eta Javier Madrazo aurreko buruaren jarraitzaileen artean.

Bi sektore horiek desadostasunak dituzte afiliatuen erroldaren inguruan, kuotak kobratzeari buruz eta egungo Kontseilu Politikoaren osaketari buruz. Gaurko adierazpenean salatu dute egungo Kontseiluak ez duela zilegitasunik erabakiak hartzeko, ezta lege aldetik ere.

Bestalde, hauteskundeetan porrot egin dutela aitortu dute eta horren arrazoietako bat "azken bi urteetan alderdiak erakutsi duen zatiketa irudia" izan dela uste dute.

Emaitza horiek jaso ondoren, militanteen "zati handi batek" Aranaren "dimisioa" eskatzen zuela azpimarratu dute.

Aranak azaroaren 12rako deitu duen Asanblada Orokorra kritikatu dute, Kontseilu Politikoan "kideen erdiak ere ez" direlako egongo. Afiliatuen erroldari dagokionez, Aranak Madrilen zentralizatzeko duen nahia kritikatu dute, Navasen ustez alderdiaren estatutuen "urraketa larria" baita hori egitea.

Ekintza horiek batasuna sustatzetik "urrun" daudela eta zatiketa bultzatzen dutela uste dute.

Adierazpen horren aurrean Aranak egingo duenaren zain geratuko direla zehaztu dute, eta horren arabera jokatuko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea