Politika -

Heriotza

Jose Angel Otxoa de Eribe ETAko preso ohia hil da

Duela lau hilabete, uztailean utzi zuten aske, 2015ean minbizia atzeman eta gero.

Presoen eskubideen defentsan, sindikatuek Bilbon egindako mobilizazio bat. Argazkia: LAB
Presoen eskubideen defentsan, sindikatuek Bilbon egindako mobilizazio bat.
Presoen eskubideen defentsan, sindikatuek Bilbon egindako mobilizazio bat. Argazkia: LAB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Angel Otxoa de Eribe ETAko preso ohia hil da gaur, minbizi baten ondorioz, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Uztailaren 5ean aske utzi zuten, gaixotasuna 2015ean atzeman eta gero.

Otxoa de Eribe 2000ko urtarrilaren 19an sartu zuten espetxean, Mexikok Espainiaratu eta gero. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, hilketa saiaketa egotzita.

Ekaineko erdialdean, Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradua eman zion, eta uztailaren 5ean atera zen Castello I espetxetik.

Etxeratek gogorarazi duenez, presoari 2015ean atzeman zioten minbizia, 15 urte espetxean zeramatzala. Gainera, haren osasun egoerak okerrera egin zuela erantsi du, eta 2019ko ekainean metastasia orokortu zitzaiola. Hori ikusita, epaileak bigarren gradura pasatu zuen, eta ondoren aske utzi zuen.

Etxeratek nabarmendu du aurten ETAko bi preso hil direla, eta adierazi du horrek erakutsi egiten duela "oso larria" dela gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoen egoera. Horren ildotik, egun 20 preso oso larri daudela azpimarratu du.

Bestalde, Sortuk "mina eta haserrea" agertu ditu, eta salatu du gaixotasuna "berandu" atzeman ziotela. "Aske utzi zutenerako, dagoeneko berandu zen", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak