Politika -
Katalunia
ANCko presidenteak indarkeria bultzatu ote zuen ikertzen ari da Fiskaltza
Societat Civil Catalanak salaketa jarri zuen Elisenda Paluziren kontra elkarrizketa batean esateagatik Kataluniako istiluek atzerrian "gatazka agerian" uzten zutela.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako Fiskaltzak ikerketapean jarri du Elisenda Paluzie ANCko presidentea. Zehazki, hark egindako adierazpen batzuek indarkeria bultzatu ote zuten argitu nahi du fiskalak, Societat Civil Catalana elkarteak (SCC) jarritako salaketa bati jarraiki.
Indarkeria eta desordena publikoak sustatzea eta gorroto delitua egotzita, salaketa jarri zuen joan den astean SCCk. Paluziek TV3 telebista katean egindako adierazpenak izan zituzten oinarri. ANCko presidenteak elkarrizketan esan zuenez, 'proces'aren epaiaren ondotik Katalunian gertatutako istiluek "gatazka agerian" uzten zuten atzerrian.
Erakunde independentistaren buruzagiak orduko hartan adierazi zuenez, "istilu horiengatik gaude egunotan atzerriko komunikabideetan, gatazka agerian uzten dute". Paluzieren iritziz, "Estatuko indarkeria" izan da gertatutakoaren erantzule "mugimendu baketsu eta demokratiko bat kartzelara eraman duelako".
ANCk CDRen protestak babesten ditu, salaketaren arabera
SCCk salaketan argudiatzen zuenez, ANCk Errepublikaren Defentsarako Batzordeen (CDR, katalanez) mobilizazioak bultzatu eta babesten ditu sareetan. "Apur bat ikertuta, frogatutzat eman liteke Paluzie andereñoak CDRen ekintza bandalikoekin duen harremana".
Elkarte unionista horren arabera, Paluziek "indarkeria eta desordena publikoak sustatu zituen, gatazka agerian uzteko baliogarriak direlakoan".
Are, SCCk salatu zuen Paluziek "Estatua egin zuela indarkeriaren erantzule, bere jarraitzaileei helburu jakin eta zehatz bat emanez".