Politika -
Parlamentuaren osaketa
Bilduk Mahai zabala osatu nahi du Nafarroako Parlamentuan ere
Maiorga Ramirezek esan du "erraza" izango dela legegintzaldian NaBairekin eta Ezkerrarekin akordioetara iristea PSNk "ordezkatzen ez duen" oposizioa egiteko.
Erredakzioa
Maiorga Ramirez Bilduren bozeramaileak Mahai zabala osatzearen alde egin du Nafarroako Parlamentuan, gizarte nafarraren aniztasunaren isla izan dadin.
Bakartxo Ruiz parlamentariarekin batera emandako prentsaurrekoan Ramirezek azaldu duenez, "erraza" izango da legegintzaldian NaBairekin eta Ezkerrarekin akordioetara iristea PSNk "ordezkatzen ez duen" oposizioa egiteko.
Koalizio abertzalearen arabera, Nafarroako udalen osaketak agerian utzi du "premiazkoa" dela eta posible dela Nafarroan "aldaketa politikoa eta soziala" egitea, baina PSNk "eskuinaren alternatiba izateari uko" egin omen dio.
PSNk "boto-emaileei eta herritarren gehiengoari berriro bizkarra eman" diela azpimarratu ondoren, Ramirezek esan du "Yolanda Barcinaren eskuindarrak boterean mantentzeko" erabakiak "atsekabe handia" eragin duela sozialisten oinarri sozialean.
Kargudun sozialista askok "gogo txarrez" onartu omen zuten PSNk gobernu alternatiboei "atea itxi" izana eta azken 20 urteetako "eskema bera" erabiltzea, hau da, "beteko ez duten zerbait hitz ematea", gaineratu du Ramirezek.