Politika -
Tsunami Demokratikoa
300 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Katalunian, hauteskundeen bezperan
Ekitaldirik jendetsuena Bartzelonan egin dute. Bertan, kontzertuak izan dira eta festa giroan bete dute Kale Nagusia.
Agentzia | Erredakzioa
Tsunami Demokratikoak 300 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu larunbat honetan, Kataluniako udalerri ezberdinetan. Hausnarketa-eguna izan da gaurkoa, azaroaren 10eko hauteskunde orokorren bezperan.
Ekitaldirik jendetsuena Bartzelonan egin dute (7.000 pertsona, Udaltzaingoaren arabera). Bertan, kontzertuak izan dira eta festa giroan bete dute Kale Nagusia, Balmes kaletik Unibertsitateko Plazara artean dagoen tartean.
16:00ak aldera, 25 estelada elkarlotuz osatutako bandera handia zintzilikatu dute Bartzelonako Unibertsitateko eraikin historikoaren fatxadatik eta koro batek zein 'Musics per la Llibertad' kolektiboko musikariek 'El cant de la senyera', 'L'estaca' , 'La santa espina' eta 'Els segadors' abestu dute.
Gainera, ekitaldiak egin dituzte Tarragonan, Lleidan, Gironan, Vallsen, Reusen, El Vendrellen (Tarragona), Vicen, Ripolleten (Bartzelona) eta Pla de l'Estanyn (Girona) ere, besteak beste.
Antolatzaileek esan dute mugikorretarako prestatu duten aplikazioak espero zuten bezala funtzionatu duela eta berriz ere bide horretatik deituko dituztela hauteskundeen ondorenerako, astelehen, astearte eta asteazkenerako, egin asmo dituzten protestak.
"Estatua appa informatikoki erasotzen saiatu da, baina ez dute lortu aurkitzea", azaldu dute Tsunamitik, Twitter bidez.
L’aplicació de Tsunami funciona com s’esperava en aquesta jornada de proves. L’APP ja ha rebut els primers atacs informàtics per part de l’Estat. No han aconseguit tombar-la. #TsunamiDemocràtic ¿¿ https://t.co/lU1vH9IFU5 pic.twitter.com/wMFKNPUwyQ
Bestalde, mobilizazioak jarraitzeko kabinetearen bileran parte hartu du Quim Torra Generalitateko presidenteak arratsaldean. Larunbat honetako ekitaldien "bilakaera zibiko eta demokratikoa" nabarmendu dute batzarrean.
Generalitateko iturrien arabera, kabinetearen bileran Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak eta Miquel Buch (Barne), Meritxell Budo (Presidentetza) eta Ester Capella (Justizia) kontseilariek parte hartu dute. Batzordea protestak hasi zirenean jarri zuten martxan, eta asteburu honetan hauteskunde eguneko segurtasuna bermatzeko lanean ari da.
Hauteskunde-kanpainako astean zehar izan diren mobilizazioak aztertu dituzte bileran, baita hausnarketa-eguneko deialdiak ere. "Zibismoa" eta "aparteko istilurik" izan ez dela azpimarratu dute.
Era berean, hauteskunde egunean segurtasuna bermatzeko dispositiboa aztertu du kabineteak. Governak "hauteskunde prozesuaren funtzionamendu normala bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu", iturrien arabera.
CDRk deitutako manifestariak Espainiako Poliziaren egoitzara hurbiltzen saiatu dira arratsaldean, baina Esquadra Mossoek eta Espainiako poliziek estu hartu dituzte Via Laietanan.
Protesta Sant Pere eta Ali Bei kaleen izkinara heldu da. Kaputxadunek edukiontziak errepidean gurutzatu dituzte, Polizia 20:45 aldera oldartu zaienean.
Poliziaren aurka arrautzak bota dituzte manifestariek. Rafael Casanovaren monumentu aurrean 'Els segadors' abestu eta "Demokrazia hau txerrikeria bat da" oihukatu dute.