Politika -

hauteskunde orokorrak

Otegi: 'EH Bilduk ez du Sanchez babestuko eredu autoritarioari eusten badio'

"Gauzak aldatu" egin direla esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Otegik "Kataluniako auziaren" epaia eta Sanchezek kanpainan iragarritako neurriak aipatu ditu haren Gobernua ez babesteko.

Hala ere, EH Bilduren jarrera "beti irekia" dela ziurtatu du. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi atzo, Donostian
Hala ere, EH Bilduren jarrera "beti irekia" dela ziurtatu du. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak astelehen honetan ohartarazi duenez, "gauzak aldatu egin dira" apirilarekin alderatuta, eta, beraz, ez dute PSOEren Gobernua berriro erraztuko, alderdi hori "gobernantza autoritarioaren eredurantz" badoa.

Igandeko hauteskunde orokorren emaitzak aztertu ditu Otegik, EH Bilduko Mahai Politikoa Donostian bildu ostean; bertan, koalizioa osatzen duten alderdietako buruzagiek parte hartu dute: Arkaitz Rodriguezek (Sortu), Oscar Matutek (Alternatiba) eta Eba Blancok (EA).

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorren ostean EH Bilduk Pedro Sanchez buru izango zuen ezkerreko gobernu baten inbestidura erraztea eskaini zuela gogoratu ostean, Otegik esan du orain "gauzak aldatu" egin direla, besteak beste, "Kataluniako prozesuaren" epaiagatik eta Sanchezek kanpainan iragarritako neurriengatik. "PSOEren asmoa hori bada, aurrean izango gaitu", ohartarazi du.

Hala ere, EH Bilduren jarrera "irekia" dela esan du, "baina hitzerdika ibili gabe". "Edo euskal agenda demokratizatzaile baten barruan kokatzen da, edo, bistan denez, ezegonkortasunera eta autoritarismora kondenatutako estatu baterantz goaz", ohartarazi du, eta gaineratu du "aurrean" egongo direla, "jarrera irmo batean", sozialistak "gobernantza autoritarioko gobernu baterantz" badoaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak