Publizitatea
Itxi

2019/11/12

15:22

Politika

Gobernu-eraketa

PSOE-Podemos akordioaren hamar puntuak, koalizio-gobernua osatzeko

Agentziak | Erredakzioa

"Gobernu berriaren egitura eta funtzionamendua osatzera bideratutako negoziazio batean" aurrera egiten ari dira bi aldeak.

  • Sanchez eta Iglesias gaurko akordioaren sinaduran

    Akordioaren xehetasunak datozen egunetan jakinaraziko dituzte. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburu eta PSOEko buruak eta Pablo Iglesias Unidos Podemoseko buruak koalizio-gobernu aurrerakoia osatzeko akordioa sinatu dute astearte honetan.

Akordioaren "xehetasunak" datozen egunetan jakinaraziko dituzte, bi aldeak "gobernu berriaren egitura eta funtzionamendua osatzera bideratutako negoziazioa" egiten ari direlako.

Hala ere, akordioaren testuaren arabera, hauek dira hitzartutako koalizio-gobernu aurrerakoiaren lehentasunezko hamar ardatzak:

1.- Hazkundea eta enpleguaren sorrera sendotzea. Lan-merkatuaren prekarietateari aurre egitea eta lan duina, egonkorra eta kalitatezkoa bermatzea.

2.- Biziberritzearen alde lan egitea eta ustelkeriaren aurka borrokatzea. Zerbitzu publikoak babestea, bereziki hezkuntza (0-3 urteko haurrentzako eskolei bultzada ematea), osasun publikoa eta mendekotasunaren arreta.

Adinekoen erretiro-pentsioak blindatzea: pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuna ziurtatzea eta bizitzaren kostuaren arabera errebalorizatzea. Etxebizitza eskubide gisa hartzea, ez merkantzia huts gisa. Zientziaren aldeko apustua egitea, berrikuntza ekonomikoaren motor gisa, eta sektoreko lan-baldintzak duintzea. Talentu emigratua berreskuratzea. Apustu-etxeen hedadura kontrolatzea.

3.- Klima aldaketaren aurkako borroka. Bidezko trantsizio ekologikoa, gure biodibertsitatearen babesa eta animaliei tratu duina bermatzea.

4.- Enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak indartzea. Berrindustrializazioa eta lehen sektorea bultzatzea. Administrazioak aberastasuna, ongizatea eta enplegua sortzeko oinarriak eta bultzada digitala ematea.

5.- Pertsonen duintasunaren aitorpena sakontzen duten eskubide berriak onartzea, hala nola heriotza duina izateko eskubidea, eutanasiarako eskubidea, aniztasunaren zaintza eta Espainia memoriaren eta duintasunaren herrialde gisa ziurtatzeko eskubidea.

6.- Kultura eskubide gisa ziurtatzea eta prekarietateari aurre egitea sektorean. Kirola sustatzea osasuna, integrazioa eta bizi-kalitatea bermatzeko.

7.- Politika feministak: emakumeen segurtasuna, independentzia eta askatasuna bermatzea; indarkeria matxistaren aurka borrokatzea; ordainsarietan ere berdintasuna sustatzea; aitatasun- eta amatasun-baimen berdinak eta besterenezinak ezartzea; sexu-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketa amaitzea; eta lan-berdintasunari buruzko lege bat egitea.

8.- Despopulazioari aurre egitea: Espainia husten jarraitzea saihesteko laguntzak ematea.

9.- Katalunian bizikidetza bermatzea. Espainiako Gobernuak Kataluniako bizikidetza eta bizitza politikoaren normalizazioa bermatzea izango du lehentasun. Helburu horrekin, elkarrizketa sustatuko dute Katalunian, elkar ulertzeko eta elkartzeko formulak bilatuz, betiere Konstituzioaren barruan. Autonomien Estatua ere indartuko dute, eskumeneko eskubide eta zerbitzuen prestazio egokia ziurtatzeko. Espainiar guztien arteko berdintasuna bermatuko dute.

10.- Justizia fiskala eta aurrekontu-oreka. Gastu publikoa kontrolatzea funtsezkoa da ongizate-estatu sendo eta iraunkor bati eusteko. Gobernuak politika sozialak eta eskubide berriak bultzatuko ditu Espainiak Europarekin dituen zerga-erantzukizuneko akordioen arabera, Europara hurbilduko gaituen eta zerga-pribilegioak ezabatuko dituen zerga-erreforma justu eta progresibo bati esker.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena