Politika -
M-15en protestak
Fiskaltzak ikerketa abiatu du diputatuen aurkako erasoak argitzeko
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak iragarri du aurki atxiloketa gehiago egingo dituztela, eta "kale borroka" Parlamentura eraman dutenen aurrean "irmoak" izango direla.
Erredakzioa
Kataluniako Fiskaltzak ikerketa abiatu du atzo Bartzelonan hainbat suminduk diputatuei egindako erasoak argitzeko, iturri juridikoak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, balizko delituak aztertuko ditu eta erasoen egileak identifikatzen saiatuko da Ministerio Publikoa.
Istiluetan, Esquadra Mossoek zazpi pertsona atxilotu zituzten, Poliziari desobeditzea egotzita.
Une kezkagarrienean, 3.000 ekintzaile baino gehiago izan ziren protestan, diputatuei Parlamentuan sartzen galarazten. Azkenean, parlamentarioak helikopterotan eta Mossoen furgonetetan sartu behar izan zituzten.
Artus Masek atxiloketa gehiago iragarri ditu
Bestalde, Artur Mas Generalitateko presidenteak iragarri du hurrengo orduetan atxiloketa gehiago egingo dituztela, eta Justiziak "kale borroka" Kataluniako Parlamentura eraman zutenei "zigor eredugarria" ezartzea espero duela gaineratu du.
Gaur Bartzelonako Ganberan egindako saioan, Masek promestu du bere Gobernua "irmoa eta zorrotza" izango dela diputatuei eraso zieten "anker"en aurrean.
Agintariak bideo grabazioak aztertzen ari dira, "bortxa ekintzak" egin zituztenak identifikatu eta salatzeko.
Parlamentua blokeo saiakeratik abesteko abian jarri zuten polizia operazioaz mintzatu da Felip Puig Barne kontseilaria. Ciutadella parke atarian zeuden suminduek "iskanbilarako sekulako gogoa" zutela adierazi du.
Puigek prentsaurrean onartu du operazioak "gabeziaren bat" izan zuela, besteak beste, eraikinera sartu nahi zuten diputatuen osotasuna guztiz babesterik ez zutelako izan. Hala ere, helburu nagusiak bete zituztela adierazi du, besteak beste, eraikina babestea eta osoko bilkura egitea.
Arcadi Oliveres Justicia i Pauko presidenteak Kataluniako polizia iraundu duen aztertuko du barne ministroak. Oliveresen hitzetan, janzkera zibila zeramaten poliziek indarkeria erabili zuten atzoko istiluetan.
"Ezin da esan Kataluniako Poliziaren ordezkariek edo kideek indarkeria bultzatu edo erabili dutenik", esan du Puigek.