Politika -

POLEMIKA SAREAN

Kongresuagatik 'baba dariola' egoteaz Ortuzarrek esandakoak EH Bildu haserretu du

"Etsaia nor den ez jakitea baino akats handiagorik ez dago" erantzun dio Mertxe Aizpuruak. "Zergatik daukate gu iraintzeko beharra hitz egiten duten bakoitzean?" galdetu du Arnaldo Otegik.

EH Bildu A10 gauean, emaitzak ospatzen. Argazkia: EFE
EH Bildu A10 gauean, emaitzak ospatzen.
EH Bildu A10 gauean, emaitzak ospatzen. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bildu Kongresuko moketa zapaltzeagatik baba dariola ikustea justizia poetikoa da guretzat" horixe da Andoni Ortuzar EAJko presidenteak igande honetan El Correo egunkariari eman dion elkarrizketatik azalera eraman duten titular nagusia. Esaldi horrek haserre handia eragin du EH Bilduren baitan eta sare sozialak erabili dituzte, hain zuzen ere, Madrilgo Kongresuko "moketa zapalduko duten" koalizio abertzaleko bi diputatuk erantzuteko: Mertxe Aizpuruak eta Jon Iñarrituk.

"Etsaia nor den ez jakitea baino akats handiagorik ez dago" idatzi du Aizpuruak bere Twitter kontu pertsonalean. "Are gehiago momentu erabakigarrietan. Baina badirudi Andoni Ortuzarri guztia berdin zaiola. Kanpainan eta kanpainatik kanpo, ez dago elkarrizketarik EH Bildu iraintzen ez duenik. Estilo negargarria eta herria eraikitzeaz duen ideia argi uzten duen seinale txarra" gaineratu du.

Iñarrituk ere bere Twitter kontu pertsonala erabili du "EH Bildu bere jaiotzatik instituzio guztietan" dagoela gogorarazteko. "Euskal agenda ez da Batzokikoa, euskal instituzioek markatzen dutena baizik, eta horretarako lan egingo dugu, zuekin ere" idatzi du, eta "salbuespenezko eta mendekuzko espetxe politikarekin amaitzea euskal agenda" dela gaineratu du.

Ildo berean, Arnaldo Otegik ere mezua kaleratu du bere sare sozialetan: "Zergatik iraindu behar gaituzte ahoa irekitzen duten bakoitzean? Eskuin espainiar-zaletik datozen botoak mantendu behar dituzte. Bestela, ezin diote ezkerreko independentismoari irabazi. Tristea¿" idatzi du.

Azaroaren 10eko hauteskunde nagusietan EH Bilduk 5 ordezkari lortu zituen Madrilgo Kongresurako: 2 Gipuzkoatik, 1 Bizkaitik, 1 Arabatik eta 1 Nafarroatik, eta talde propioa izango dute.

Koalizio abertzaleak lortutako "emaitza bikaina" nabarmendu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hauteskunde gauean. Otegik esan zuen "olatu feminista, errepublikar eta independentista geldiezina" Kongresura eta Senatura eramango dutela.

EAJk ere talde propioa izango du Kongresuan, bere 6 diputatuei eutsi baitie. EAEn jeltzaleak izan ziren hauteskundeetako garaileak eta gau hartan 7 diputatu eskuratuko zituztela esan bazen ere, asteazken honetan, kanpoko botoak kontatuta, PPk kendu die zazpigarren diputatu hori 163 botogatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV Twitter Andoni Ortuzar EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak