Politika -

Paristik gertu

Iñaki Dominguez ETAko ustezko kidea atxilotu dute Frantzian

Fiskaltzaren arabera, Dominguez Kolonbiako oihanera joan zen 2007an, FARCeko hainbat kideri lehergaiak erabiltzen irakasteko.

Iñaki Dominguez. EFE
Iñaki Dominguez. EFE
Iñaki Dominguez. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak Iñaki Dominguez Atxalandabaso ETAko ustezko kidea atxilotu du Parisetik gertu, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Milanetik Parisera trenez zihoanean atzeman dute.

Dominguez Atxalandabaso (36 urtekoa) terrorista bilatuenen zerrendan zuen Barne Ministerioak.

2010eko martxoan, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu egin zuen, ETAko beste bost ustezko kiderekin batera, ETAren eta FARCen arteko balizko harremanak argitzeko auziaren baitan.

Fiskaltzaren arabera, ETAk entrenamendu saioak eskaini zizkien FARCeko hainbat kideri.

Ikastaroak Martin Capak eta Dominguez Atxalandabasok eman zituzten. Ministerio Publikoaren esanetan, gaur atxilotutako ETAko ustezko kidea Kolonbiako oihanera joan zen 2007an, FARCeko eta FLBko (Askapen Bolivartarrerako Frontea) 20 kideri lehergailuak erabiltzen irakasteko.

Aurrekari judizial gehiago

Dominguezek ihes egin zuen 2002an, hots, Auzitegi Nazionalak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri eta gero. Olaia Castresana ETAko kidea zenaren aldeko omenaldi batean "Gora ETA militarra" oihukatzeagatik eta ertzainei "txakurrak" deitzeagatik zigortu zuten, anaiarekin batera.

2005ean, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu egin zuen, erakunde terroristak Bizkaiak zuen azpiegitura eta informazio taldeko kidea izatea leporatuta.

Rubalcabaren hitzetan, "azpikerietan zebilen"

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Barne ministroaren hitzetan, Dominguezen atxiloketak argi utzi du ETAren aurkako borrokan Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek ez dutela atzera egin.

"ETA bizirik dago, eta Gobernuak eta segurtasun-indarrek atxiloketak egiten jarraitzen dute. Hori da ondoriorik argiena", esan du.

Oraingoz, Frantziako segurtasun-indarrak konfiskatutako materiala aztertzen ari dira.

45 atxiloketa aurten

Gaurko operazioaren ostean, 45 dira jada ETArekin zerikusia izatea egotzita atxilotutakoak urtarrilaren 10ean ETAk su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria iragarri zuenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea