Politika -
Auzitegi Nagusia
Bilbao ez omen da oroitzen nork erabaki zuen Habiditeren hitzarmenak atzera botatzea
Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak azaldu du Gobernu Kontseiluak eman zuela ebazpena, bere ez delako “superman”. Habiditeren arduradunak salatu du ez ziotela abisatu hitzarmenak atzera botatzeko asmoaz.
agentziak | erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ohi eta egun Kontuen Euskal Auzitegiko presidente denak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu du Habiditeren aferaren harira, eta esan du ez duela oroitzen nork erabaki zuen 2006an sinatutako hitzarmenak atzera botatzea.
Bilbaok ordu erdiz deklaratu du auzitegian. Jabyer Fernandez Habiditeren arduradunak Aldundiari 30 milioi euroko kalte-ordaina eskatzen dio, Alonsotegin etxe aurrefabrikatuak ekoizteko fabrika baten sorkuntzarako hitzarmenak urratzeagatik.
"Ez dut oroitzen. Adin bat dugu dagoeneko, eta hori duela 12 urte baino gehiago izan zen", adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak.
Jabyer Fernandezen abokatuak galdetu dio ea bera izan zen pertsonalki Habiditerekin sinatutako hitzarmenak ez betetzea erabaki zuena, eta Bilbaok erantzun dio Gobernu Kontseiluaren ebazpena izan zela, bera ez zelako "superman".
Bestalde, onartu du balitekeela Fernandezek gutun bat bidali izana, baina ez dakiela, ahaldun nagusi postuan "gutun, idatzi eta dokumentu asko" jasotzen direlako.
Aldundiak eta Habiditek desadostasunen bat izan ote zuten galdetuta, Bilbaok esan du "arazo serioa" egon zela Jabyer Fernandezen "taldeko enpresek obrak utzi zituztenean", eta Iurbenor auziarengatik.
Gaineratu duenez, desadostasunak ez ziren Alonsotegiko lantegiarengatik sortu, baizik eta Foru Ogasunak ez zituelako 40 milioi eurotik gora jaso BEZaren bidez Jabyer Fernandezen erruz.
Bestalde, Aldundiak Habiditeri trinkotze sistema jakin bat zuten lurrak eman beharko ote zizkion galdetuta, erantzun du bera "Sarrikoko ekonomialari soila" dela, eta ez duela "ezer ere ulertzen lurren trinkotzeaz".
Jabyer Fernández
Jabyer Fernandez Habiditeren arduradun zenak ere deklaratu du gaurko saioan, eta enpresak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenak "zehatzak" zirela eta proiektua aurrera eramateko "datak" jarrita zeudela azpimarratu du. Azaldu duenez, Aldundiak "sekula ez" zion ohartarazi hitzarmenak atzera botako zituztela, eta "sekula ez da inolako kexarik izan" Habiditeren jardunaren inguruan.
Fernandezek argitu du hitzarmenetan 12 hilebeteko epea aipatzen zela Aldundiak lantegia eraikitzeko lurrak emateko, trinkotutako lurrak gainera.
Baina, kritikatu duenez, Aldunditik jaso zuena izan zen ez zegoela "interesik", eta "proiektua geldirik zegoela agerian geratu zen" Aldundiak "Bruselan bere burua salatu zuenean".
Fernandezek adierazi duenez, "mugarri" izan zen Jose Luis Bilbaori 20019ko otsailean igorri zion gutuna. Hitzarmenak urratzen ari zirela adierazi zion Bilbaori, eta ahaldun nagusiak "oso gogo txarrez" hartu zuen.