Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jordi Sanchez: 'Gobernu egonkor bat eratzen denean dena errazagoa izatea espero dut'

Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak bi urte baino gehiago darama kartzelan, sedizioa leporatuta. Lledonersko espetxetik, Radio Euskadik egindako galdera guztiei erantzun die.

Jordi Sànchez. Argazkia: EFE
Jordi Sànchez.
Jordi Sànchez. Argazkia: EFE

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak bi urte baino gehiago darama kartzelan, ‘proces’ auziaren epaian sedizioa leporatuta. Lledonersko espetxetik, Radio Euskadik egindako galdera guztiei erantzun die. Katalunian hauteskundeak aurreratzea baztertu du, oposizioko alderdien helburu bakarra agintea eskuratzea bada.

1- Eraginik izan al du espetxeak zure gogoan? Eta zure ideologia politikoan?

Orain arte espetxearen gogortasunak ezin izan nau desanimatu, ezta nire uste politiko eta etikoak baldintzatu ere. Irmo jarraitzen dut autodeterminazio eskubidearen defentsan Estatuaren jardun eta lege bidegabeen aurrean, eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintza politikoak beharrezkoak direla uste dut. Eta ziur naiz epaileen togak alde batera utzi eta politika berrezarriko dela Espainiak eta Kataluniak bizi duten gatazka politikoa konpontzeko orduan.

2- Epaia irakurri eta aztertu ostean, ulertzen al duzu zigorra?

Logika politikotik aztertuta bakarrik uler dezaket, ez zuzenbidearen ikuspuntutik. Oinarrizko eskubideen aurka egiten duen botere judizialak ezarritako zigor politiko baten amaiera da epaia. Amnistia Internazionalak kaleratu berri duen txostenak ez du zalantzarik uzten horren inguruan.

3- Mugimendu independentistak itxurakeria besterik ez zuela egin esatera dator epaia, non dena kartoi-harrizkoa zen. Horrela izan zen? Inprobisazioa eta presioa nagusitu ziren kalean eta erakundeetan, negoziazioa bilatzeko?

Hautetsontzietan botoa eman zuten 2,3 milioi herritarrak ez dira kartoi-harrizkoak. Konstituzionalak 2010ean Estatutua murriztu zuenetik Katalunian bizi den etengabeko mobilizazioa inoiz Europan bizi izan den handiena da. Eta etorkizuna erabakitzeko erreferendum bat eskatzea ez da itxurakeria, inola ere ez.

Hori esanda, ukaezina da independentismoak elkarrizketarako duen borondatea. Urriaren 1a negoziatzeko aukera bat izan zen, eta oraindik ere horrela izaten jarraitzen du. Ia 2.000 hauteslekutan banatutako 6.000 hautetsontzi eta milioika boto-paper, hautesleku guztietan eratutako errolda eta mahaiekin, poliziaren presentzia handiak hori guztia eragotzi ezinik, ezin da egun batetik bestera inprobisatu.

4- Kataluniako egoera politikoak Katalunia ezegonkortu du lehenik, eta Espainia gero, bere sistemak karraska egin baitu, eta oso zigor gogorrak ezarri ditu. Nola bideratu daiteke egoera?

Elkarrizketa eta negoziazioa, errespetu demokratikoko esparru batean. Ez dago sekretu gehiagorik. Mundu guztiak daki konponbidea bilatzeko hori ezinbestekoa dela. Zeren zain gaude elkarrizketaren erronka geure gain hartu eta aurkariaren arrazoien ukazioaren erosotasunetik ateratzeko?

5- Katalunia egonkorrik gabe, ez dago Espainia egonkorrik. Madrilen oraindik ulertzen ez den zerbait da. Gainera, eskuin muturreko indar bat (Vox) goraldian dago, eta beste bat (Ciudadanos), jatorri katalanekoa, 1978ko itunen parte sentitzen ez dena. Egoerak ‘eztanda’ egin dezake?

78ko sistemak eztanda egin du dagoeneko. Orain ikusi behar da nola eta noiz berritzen den Espainia hori, erabakitzeko eskubidea onartu ondoren. Irteera hori zenbat eta beranduago bere gain hartu, orduan eta kostu politiko, ekonomiko eta sozial handiagoak izango dira Espainia osorako.

6- Espainiako Gobernuko presidenteak autokritika eta errektifikatzea eskatu dio Kataluniako independentismoari, baina Madrilen ez dago autokritikarik. Horrela infinituraino?

Negoziatzeko, alde guztiek egin behar dugu autokritika. Baina hauteskunde-kanpaina etengabean eta hauteskundeen menpe egoteak ezinezkoa egiten du beharrezkoa den autokritika hori. Espero dut gobernu egonkor bat eratzen denean dena errazagoa izatea.

7- Kataluniak 155. artikulua berriro ezartzea jasan lezake? Torra presidentearen erabakiak ikusita, batzuek esaten dute berarentzat erakundeak bigarren mailakoak direla. Erakundeak gauza guztien gainetik zaindu behar dira?

Zalantzarik gabe, autogobernu-erakundeak zaindu behar dira, baina ez edozein preziotan. Ezin zaio inposatu, orain Konstituzionalak nahi duen bezala, eztabaida parlamentarioari etengabeko zentsura. Parlamentari batek ezin badu edozein gairen aurrean hitz egin eta erabaki bat hartu, parlamentarismoa hiltzen ari da, demokraziaren esentzia.

8- Azken hilabeteetan indarkeria eta intolerantzia gertakariak ikusi ditugu. Batzuetan, kanpotik ikusita, jendea kalean elkarri eraso egiteko pauso batera dagoela dirudi. Egoera gehiago zaildu dezakeen 'txinpartaren bat' egon daiteke?

Aitortzen dut ez dudala kalean bizi den egoera zehatz-mehatz ezagutzen, 25 hilabete daramatzat kartzelan. Baina, egia esan, ez dut uste haustura horren existentzia baieztatzen duen kontakizunean. Polarizazioa hausturarekin nahastea larria da. Gainera, istiluak, kezkagarriak izan arren, ez dira gehiegi nabarmendu behar, eta indarkeriarekin eta istiluekin Estatuak etxean jokatzen duela uste dut, irabazteko aukera guztiak baititu.

9- Zer da bideragarriagoa, independentzia edo Katalunia Espainian berriz eroso sentitzea ahalbidetuko lukeen akordio bat?

Bata edo bestea, herritarrek aukeratu beharko dute, erreferendum batean bozkatuz. Erreferendumik gabe ez dago konponbiderik. Inkestei kasu egiten badiegu, ez da agerikoa herritarren gehiengoaren lehentasuna zein den. Nirea independentzia da.

10- Komenigarria litzateke Katalunian hauteskundeak deitzea?

Bi urte falta dira legealdia amaitzeko. Bakarrik dago justifikatuta hauteskundeak deitzea hauteskundeak aurreratu nahi dituenak zer egingo lukeen azaltzen badu eta hori orain egin ezin bada. Uste dut inor ez dagoela tesitura horretan. Beste gauza bat da hauteskundeak eskatzen dituztenek agintea eskuratzeko grina izatea. Jarrera hori zilegi da, baina ez da nahikoa hauteskundeak aurreratzeko.

11- Noizko espero duzu espetxetik ateratzeko lehen baimena?

Otsailetik aurrera, zigorraren laurden bat betetzen dudanean. Ordurako, 28 hilabete emango ditut preso. 48 orduko baimenak izango dira, urtean gehienez 36 egunekoak. Ez da inolako pribilegiorik, preso ororen eskubidea da. Espainiako eskuinak ere gezurra esaten du gai horretan. Batzuek espetxe iraunkorra betetzen ikusi nahiko gintuzkete!

12- Indultua eskatuko zenuke?

Ez. Indultua neurri pertsonala da, eta ni ez nago kartzelan kontu pertsonal batengatik. Zigor politiko bati bidezko irtenbidea emateko amnistia behar da.

13- Zuk egindakoari erreparatuta, merezi izan dizu? Berriro egingo zenuke?

Kartzela oso gogorra da, bereziki senideentzat. Inork ez dizkigu itzuliko lapurtutako urteak. Baina ez naiz damutzen nire jarduera sozial eta politikoaz. Balantzea egiteko, denbora gehiago pasatzen utzi behar da. Eskubideen konkista demokratikoak epe ertain eta luzera lortzen dira. Horren kontzientzia izatea da garrantzitsuena, eta borroka demokratiko eta indarkeriarik gabekoan jarraitzea. Eta Kataluniako gizartearen erantzuna ikusita ez dut zalantzarik merezi izan duela. Kartzelatik ateratzen naizenean herritar bat gehiago izango naiz, sartu aurretik nituen pentsaera berdinekin.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Kataluniako prozesua zuzenean