Politika -
Presoak
Parisko Apelazio Auzitegiak David Plaren aurkako euro-agindua onartu du
Defentsak datozen egunetan aurkeztuko du helegitea eta azken erabaki hori hartu arte ez dute entregatuko.
EITB.EUS
Parisko Apelazio Auzitegiak onartu egin du David Plaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euro-agindua.
Defentsak helegitea aurkeztuko du datozen egunetan Kasazio Auzitegian, eta epaimahaiak erabaki bat hartu arte ez dute euro-agindua gauzatuko.
2008ko maiatzaren 17an, Jon Salaberria ETAko kidearekin Mimizamen bildu izana leporatzen dio Auzitegi Nazionalak.
Alabaina, Plak hori ezinezkoa dela berretsi du beste behin; izan ere, egun hartan Fresneseko espetxean zegoen, Landetatik ehunka kilometrora, lagun bat bisitatzen. Kartzelako erregistroan dago jasota han izan zela.
Ildo berean, Xantiana Cachenaut abokatuak gogoratu du Frantziako Fiskaltzak baztertu egin zuela Plak bilera hartan parte hartu zuenik eta, beraz, euro-agindua informazio "okerretan" oinarritzen zela ebatzi zuela.
Pla kontrol judizialpean libre utzi zuten joan den apirilean. 2011tik aurrera ETAren hizketakidea izan zen eta erakunde horren armagabetzearekin eta desegitearekin amaitu zen prozesuan lagundu zuen.