Politika -
Euskara
Bingen Zupiria: 'Guk erabakitzen dugun hizkuntzan harremanak izateko eskubidea dugu'
Eusko Jaurlaritzak aste honetan onartutako euskararen erabilerari buruzko dekretua Konstituzioaren aurkakoa dela esan du PPk.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Radio Euskadiko 'Boulevard Informativo' saioan azaldu duenez, dekretuaren helburua "ez da inolako errealitaterik eraldatzea, 1979an udal demokratikoak eratu zirenetik linboan egon den egoera bat arautzea baizik".
Zupririak gogoratu duenez, 2016an Eusko Legebiltzarrak Udal Legea onartu zuen arte, ez da testu juridikorik egon Euskadin udalei zegozkien korrespondentziak zehazteko.
"Udalen euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzeko formula bat proposatzen du dekretuak, herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatzeko helburuarekin", esan du Zupiriak. Halaber, "gizarte honetan bizi garen gizon eta emakumeok gure administrazioarekin guk erabakitzen dugun hizkuntzan harremanak izateko eskubidea dugu", gaineratu du.
Kultura sailburuak esan duenez, ez da "PPrekin eztabaidan sartuko". Ildo horretan, "iraganeko eztabaidetara itzuliko garela iruditzen zait", esan du.
Euskal gizartea eleaniztuna da, gainera, Europako erakunde batek egindako ikerketa baten arabera, "espainiar Estatuan ingeles maila handiena duen erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoa da'.
Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landua izan da, eta eitb.eus-ek itzulia.