Politika -
'2011 adierazpena'
Biktimen elkarteek 'errespetua' eskatu dute bizkartzainentzat
Bizkartzainen elkarteko bozeramaileak esan du "momentu txarrak" bizitzen ari direla "Bildu udaletan sartu zenetik" eta "atzeko atetik atera" nahi dituztela salatu du.
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen hamar elkartek ''2011 Adierazpena'' sinatu dute bizkartzainentzat "errespetua" eskatzeko eta EAEko eta Nafarroako eskolten elkarteak eman du horren berri.
Adierazpenean elkarteek babesa agertzen diete bizkartzainei "ETAren terrorismoari aurre egiteko eta kargudun publikoen, enpresarien, kazetarien eta herri-mugimenduetako ordezkarien bizitza eskubidea bermatzeko" egin duten lanagatik.
Era berean, "demokraziaren funtzionamenduan ezinbestekoak" izan direla azpimarratu dute, izan ere, "haien lanari esker herritarrek demokratikoki aukeratu dituzten kargudun publiko konstituzionalistek euren lana egin ahal izan dute".
Hori dela eta, "errespetua" eskatu dute "EAEn eta Nafarroan bizkartzain lanak egin dituzten emakumezko eta gizonezkoentzat" eta "sentsibilitatea" exijitu diete erakundeei "haien etorkizunari buruzko neurriak" hartzen dituztenean.
Alberto Velasco bizkartzainen elkarteko bozeramaileak aitortu du "momentu txarrak" bizitzen ari direla "Bildu udaletan sartu zenetik". Gainera, "askatasunaren alde urtetan lan egin ondoren atzeko atetik atera" nahi dituztela salatu du.
Velascorentzat, "biktimen babesa errekonozimendua baino askoz ere gehiago da" eta biktimek orain emandako babesagatik bakarrik "urte guzti hauetako lanak" merezi izan omen du.
Bestalde, Velascok gogorarazi du "terrorismoaren biktimek, herritarrek eta alderdi politikoek bizkartzainei babesa ematen dieten bitartean" Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "mespretxatu" egiten dituela.
Honakoak dira adierazpena sinatu duten elkarteak: Asociacion Catalana de Victimas de Organizaciones Terroristas, Asociacion Cuerpos y Fuerzas de Seguridad del Estado Victimas del Terrorismo, Asociacion Dignidad y Justicia, Asociacion por la Tolerancia, Asociacion de Victimas del Terrorismo de la Comunidad Gallega, Asociacion Victimas del Terrorismo en la Region de Murcia (AMUVITE), Asociacion Victimas del Terrorismo Verde Esperanza, Fundacion Circulo Balear, Fundacion Gregorio Ordonez, Vecinos de Paz de Berriozar eta Voces Contra el Terrorismo.