Politika -
Memoria historikoa
ETAren eta Estatuaren biktimek erreparaziorako eskubide unibertsala eskatu dute
Robert Manriquek eta Idoia Zabalzak Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan antolatutako 'Entzunaz bizikidetza eraiki' jardunaldian parte hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Robert Manrique, ETAren biktima, eta Idoia Zabalza, Estatuaren indarkeriaren biktima den Mikel Zabaltzaren arreba, bat etorri dira biktima guztien mina konpontzeko beharrarekin, eta, horretarako, lehenik eta behin kasu guztiak argitu behar direla uste dute, erantzukizunak eskatu ahal izateko.
Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan antolatutako 'Entzunaz bizikidetza eraiki. Jatorri anitzeko indarkerien biktimen testigantzak' jardunaldian parte hartu zuten atzo, asteartea, Manriquek eta Zabalzak, eta Fernando Rey kazetariak moderatu zuen mahai-ingurua.
Biak lotzen ditu minak, baina agerian utzi zuten bi kasuen artean ezberdintasun handia dagoela, izan ere, Manriquek badaki atentatua nork egin zuen, baina Zabalzaren kasuan, ziurgabetasuna da nagusi, eta, ondorioz, erreparaziorik gabe jarraitzen du. Bere neba, atxilotua izan ondoren hilda agertu zen, eta Zabalzak oraindik ez daki zer gertatu zen eta nortzuk diren errudunak. Bere esanetan, “egiarik gabe ez dago justiziarik, ez erreparaziorik, ez doluaren amaierarik".
"34 urte dira jada Mikel etxetik atera zutela, baina egoera berean gaude", salatu zuen atzo Zabalzak, oraindik ez baitute inolako azalpenik jaso, eta, ondorioz, ez dakitelako Mikel zergatik hil zen. Testuinguru horretan, justiziarako eskubiderik ez dutela deitoratu zuen.
Manriquek aitortu zuenez, zer gertatu zen ez jakitea oso "oso gogorra" izan behar da Zabalzarentzat eta haren familiarentzat, eta Mikel nola hil zen jakitea merezi dutela esan zuen. Hala, 34 urteren ondoren ziurgabetasunak jarraitzen badu, "norbaitek gertatutakoa ezagutaraztea nahi ez duelako" dela azpimarratu zuen.
Mikelen arrebak azaldu zuenez, “tortura ohikoa izan da Nafarroan eta Euskal Herrian”, eta, horrek, lotura estua dauka bere nebari gertatu zitzaionarekin. Bere iritziz, "goitik beherako estamentu guztiek parte hartu zutela esan nahi du horrek".
Halaber, Manriquek esan zuen ez dagoela gorrotorik biktima gehienen artean, ez dutela inoiz indarkeria erabili, eta, mendekuaren ordez, "inork ez dezala gauza bera jasan" bilatzen dutela. Hala, noizbait biktimarik balego, "min hori ahal den neurrian arintzeko prest egon gaitezen" lan egiten dutela esan zuen.