Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Enrique Maya: 'Euskara sustatzen da, eta nahi duenak oztoporik gabe ikas dezake'
"Egiten dudan edozein gauzatxorekin polemika handia sortzen da", deitoratu du Iruñeko alkateak euskararen ordenantza aldatu eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna bertan behera utzi ostean.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Enrique Maya Iruñeko alkateak Radio Euskadiko 'Boulevard' albistegian esan duenez, aurrekontuak onartzea da bere lehentasuna. Testuinguru horretan, "lehentasunezko solaskidea PSN" dela onartu du Mayak, eta, Nafarroako Gobernuan, sozialistek EH Bilduren edo Navarra Sumaren babesa behar dutela gogora ekarri du. Bere iritziz, “koherentea” izango litzateke Iruñeko Udalaren eta Foru Gobernuaren artean babesak trukatzea, "baina giro nahasi honetan ez dakit logika horrek balio duen".
"Egiten dudan edozein gauzatxorekin polemika handia sortzen da", esan du Mayak, agintera iristean Joseba Asironek jarri zuen armarria kentzeagatik jaso dituen kritiken inguruan. Halaber, euskararen ordenantzaren aldaketari buruz eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean ematekoa zuten ikuskizuna bertan behera uzteko erabakiaren inguruan ere hitz egin du alkateak.
"Hizkuntza bakoitzak herritarren ezagutzaren araberako babesa izango du Iruñean", esan du Mayak. Enrique Mayarentzat, "euskara beste hizkuntza bat gehiago da" administrazio publikoko "orotariko lanpostuetan" frogak egiteko orduan, eta "ingelesa jakitea ere oso garrantzitsua” dela nabarmendu du. Herritarrei begira, euskarak "nagusi" izan behar duela aitortu badu ere, "denak erantzun behar dio jende gehienak nahi duenari: % 12k ezagutzen du, baina erabilera askoz txikiagoa da”.
"Ezin dugu Iruñeko Udala eremu euskaldun bateko udaletxe bihurtu", azpimarratu du Mayak. Hala, Iruñean euskararen erabilera sustatzen ote den galdetuta, baietz erantzun du Mayak: "Egiten da, euskara ikasi nahi duenak askatasunez egiten du, inolako oztoporik gabe". Alabaina, neurri zehatzak hartzea baztertu du: "Gehiegizkoa da Udalarekin hitzarmena duten ekitaldi pribatuetan euskara erabili behar izatea". Dena dela, ordenantza berria betetzen ez duten kartelen "jazarpenik" ez da izango ziurtatu du.
"Pailazo batzuek sakabanaketarekin lotutako gaiak azaldu ahal badizkiete haurrei, ni ez naiz politika egiten duena, haiek baizik. EAJk eta PSOEk ere hala egin dute beste gai batzuetan". Beto hori "salbuespenezko" zerbait da Enrique Mayaren arabera, "haurrak diren bezain sentibera delako neurria".
"Euskara gure kulturaren parte da, dagokion neurrian", azaldu du Mayak. Ildo horretatik, euskal pilotan jokatu zuela eta bere aitona euskalduna zela gogora ekarri du. Halaber, azken asteotan jasotako kritikei garrantzia kendu die: "Denetarik esan didate, ohituta nago, eta presio horrek ez ditu nire ideiak aldatuko".