Politika -

Espainia

Senatua eta Kongresua zuzentzeko Llop eta Batet proposatuko ditu Sanchezek

Pilar Llop genero indarkerian epaile espezializatu bat da, eta Manuel Cruz ordezkatuko du. Cruzek "beste erantzukizun batzuk hartuko ditu", iturri sozialistek azaldu dutenez.

Pilar Llop epaile madrildarra. FORTAtik ateratako irudia.
Pilar Llop epaile madrildarra. FORTAtik ateratako irudia.
Pilar Llop epaile madrildarra. FORTAtik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuak Pilar Llop epaile madrildarra proposatuko du Senatuko presidente izateko. Bestalde, Kongresua zuzentzen jarraitzeko Meritxell Batet aurkeztuko du PSOEko idazkari nagusiak, iturri sozialistek baieztatu eta El Pais egunkariak aurreratu duenez.

Pilar Llop genero indarkerian epaile espezializatu bat da, eta Manuel Cruz ordezkatuko du. Cruzek "beste erantzukizun batzuk hartuko ditu", iturriek azaldu dutenez.

Llop PSOEren senataria da egun, Madrilgo Parlamentuak izendatua. Gainera, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriarako ordezkaria izan zen 2018ko uztailetik 2019ko apirilera arte.

PSOEko batzorde federala astelehen honetan bilduko da, eta Kongresuko zein Senatuko Mahaiak osatzeko hautagaiak proposatuko ditu, baita bi ganberetako talde parlamentarioak zuzentzeko izenak ere.

Kongresuko eta Senatuko mahaien osaketa bozkatu baino egun bat lehenago erabakiko ditu PSOEk bere hautagaiak; izan ere, azaroaren 10ean aukeratutako diputatuek eta senatariek bi ganberak osatzeko saioa izango dute biharamunean.

Meritxell Batet en el Congreso de los Diputados. Foto de archivo: EFE

Meritxell Batet Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

Kongresuan, PSOEk eta Unidas Podemosek gehiengoa ziurtatu nahi dute Mahaian, bederatzi kideetatik bost bereganatuta. Nahiz eta PPri eta Ciudadanosi Vox baztertzearen truke gainerako lau lekuak banatzeko laguntza eskaini, PPk babes hesi batean parte hartzeari uko egin dio; izan ere, Andaluzia, Murtzia eta Madrilgo gobernuetan Abascalen alderdia bazkide du. Horrela gauzak, sozialistek eta indar moreak presidentetza, bi presidenteordetza eta bi idazkaritza lortu nahi dituzte.

Senatuan, printzipioz, sozialistek Mahaiko lau leku bereganatu behar dituzte, iturri parlamentarioen arabera, eta PPk gainerako hirurak. Hala ere, PSOE hiru eserlekurekin geratzeko aukera ere badago: presidentetza, presidenteordetza bat eta idazkaritza bat. Ondorioz, laugarren lekua beste alderdi baten esku utziko lukete sozialistek, babesaren ordainetan.

EAJren kasua izan daiteke, aurreko legealdian egin bezala, PSOEk Mahaiko toki bat laga baitzion. Hala ere, sozialistek lau lekuekin geratzea eta Senatuko organoan gehiengoa ziurtatzea ez dute baztertzen iturriek. Hala eta guztiz ere, Goi Ganberaren inguruko negoziazioak Kongresukoekin eta Pedro Sanchezen inbestidurarekin lotu dituzte.

Sozialistek 113 eserleku dituzte Senatuan, eta gehiengo osoaren muga 133 bototan dago. PSOEk EAJrekin (10) eta ERC-Bildurekin (13) lor dezake kopuru hori, baina baita jeltzaleekin eta Agrupacion Socialista Gomera, PAR, PRC, Geroa Bai eta Coalicion Canaria bezalako alderdiekin, Podemos, MES, Compromis eta Mas Paiseko bost senatariak batuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Senatua