Politika -

Preso gaixoak

Sarek 'enpatia eta elkar ulertzea' eskatu du EHUko hitzaldia defendatzeko

Inaxio Oiarzabal plataformaren bozeramaileak agerraldia egin du ekitaldiaren aurretik, manifestari batzuen “hiltzaileak” oihu artean. Fiskaltzak errefusatu egin du ekitaldia debekatzea.

Lopez de Abetxuko, Gasteizko EHUn. Argazkia: Efe
Lopez de Abetxuko, Gasteizko EHUn. Argazkia: Efe
Lopez de Abetxuko, Gasteizko EHUn. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inaxio Oiarzabal Sareren bozeramaileak agerraldia egin du EHUren Gasteizko kanpusaren atarian Jose Ramon Lopez de Abetxuko ETAko preso ohiaren hitzaldia defendatzeko, Esteban Garay elkarteak deitutako protestarien "hiltzaileak" oihu artean.

Ekitaldia hasi baino lehenago, Oiarzabalek esan gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, "euskal presoek pairatzen duten bizitzarako eta osasunerako eskubidearen urraketaz" hitz egitea dela Sareren helburua, presoek ere "eskubidea dutelako, Legez, tratamendua etxean jasotzeko, senideen babesarekin eta konfiantzazko medikuaren jarraipenarekin".

Gainera, "biktima guztiekiko errespetua" erakutsi eta "hurkoarekiko errespetua" eskatu du. "Badakigu oraindik zauri asko daudela irekita, baina sendaketak ezin du inor utzi bazterrean. Enpatia eta elkar ulertzea oinarrizkoak dira bizikidetzarako. Hori dela eta, beharrezkoa da batzuei eta besteei entzutea, batzuen eta besteen mina onartzea, eta urtetako gatazkaren ondoren era askotako sufrimenduak eta errealitateak daudela jakitea", adierazi du.

Lopez de Abetxuko uda honetan atera da espetxetik bi hilketagatik 30 urteko espetxe zigorra bete ostean, eta gaixotasun larriak dituzten ETAko presoek bizi duten egoeraren laburpena egin du.

Azaldu duenez, gaixotasun larri baten diagnosia jasotzeak eragiten duen "beldurrari eta estutasunari" familiatik urrun egoteak sortzen duen sufrimendua gehitu behar zaio.

Ekitaldia baino ordu batzuk lehenago, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uko egin dio debekatzeko eskaerari, Voxek egindako eskaerari, baina Estatuko segurtasun indarrei ekitaldia zaintzeko eskatu die.

ETAren biktimek protesta egin dute Lopez de Abetxukoren hitzaldiaren aurretik
ETAren biktimek protesta egin dute Lopez de Abetxukoren hitzaldiaren aurretik
ETAren biktimek protesta egin dute Lopez de Abetxukoren hitzaldiaren aurretik

1:48

Protestak eta kritikak

Ekitaldiaren aurka agertzeko, Esteban de Garibay elkarteak, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia buru duenak, elkarretaratzea egin du, eta EAEko PPren ordezkariak, Alfonso Alonso tartean, eta Lopez de Abetxukoren biktimen senideak egon dira, besteak beste.

"Ez dugu ahaztuko, ez dugu barkatuko" zioen pankarta baten atzean jarri dira protestariak, ekitaldia izan den lekuaren parean. Gainera, "hiltzaileak" oihukatu dute Sareren ordezkariak atera direnean.

Casilda Chicok hitz egin du, ETAko preso ohiak hil zuen poliziaburuaren bilobak, biktimen izenean, eta salatu du Justiziak ez ziela lagundu Lopez de Abetxuko espetxetik atera eta "heroi" gisa hartu zutenean, eta erakundeek ere ez dutela ezer egin "terrorista honek unibertsitatean ahotsa izatea galarazteko".

Alfonso Alonsok PPren babesa helarazi dio elkarretaratzeari, eta gogor kritikatu du unibertsitate publikoak "Giza Eskubideen eguna horrela ospatzea", Emakumeen Egunean bortxatzaile bat gonbidatzearekin alderatuz.

AVT eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak ere kontrako iritziak agertu dituzte. Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak, bere aldetik, ezker abertzaleari ekitaldi "nazkagarri" horren aurka agertzeko eskatu dio. EAJk, berriz, ekitaldia "etikoki zalantzagarria" baina "legala" dela berretsi du.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak ETAri zilegitasuna kentzeko deia egin du "bizikidetza lortzeko bidean", eta salatu du ekitaldia "atzerapausoa" dela.

Lander Martinez Elkarrekin Podemosen bozeramaileak uste du Sare ez dela "sentibera" izan ETAren biktimenik ekitaldiari eustea erabaki duenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak