Politika -
PRESOAK
Espainiako Gobernuaren negoziaketan espetxe politikaz hitz egiteko eskatu du Sarek
PSOE eta Unidas Podemosen arteko Gobernua babesteko, egungo "salbuespenezko espetxe politika bertan behera" uztea exijitzeko garaia dela esan die Sarek euskal alderdiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare presoen eskubideen aldeko herritar sareak PSOE eta Unidas Podemosen koalizio Gobernua babesteko edo abstenitzeko "beste espetxe-politika bat" "ezinbesteko baldintza gisa" ezartzeko eskatu die euskal alderdiei.
Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziaketa pil-pilean dagoen honetan, prentsaurrekoa eman dute Joseba Azkarraga eta Arantza Aldezabal bozeramaileek Miramongo Parke Teknologikoan, Donostian. Balizko gobernu berri horrek "indar progresista eta subiranisten arteko akordio zabal bat osatzeko aukera" ematen duela adierazi dute, "benetako aldaketa ekarriko duten aldarrikapen sozial eta nazionalen agenda bat osatzen duten heinean, behintzat".
Sareren iritziz, "hauxe" da Euskal Herriko indar politikoek "beste espetxe politika bat negoziaketaren erdi-erdian jartzeko garaia", "giza eskubideen errespetuan eta preso hauei aplikatzen zaien salbuespen erregimenarekin amaituko duen beste politika bat eskatzeko" alegia.
"Gai honek Estatuaren Agendan egon behar du" esan dute Sareko ordezkariek: "kartzelaren humanizazioak ordezkatu behar du egungo salbuespen politika" adierazi dute, eta ildo horretan, "Zuzenbide Estatua Mendeku Estatu" bihurtzen joan dela salatu dute eta horrek "txiki" egiten duela.
ETAren indarkeria amaitu zenetik 10 urte igaro direnean, eta desegin zenetik urte bat baino gehiago igaro denean espetxe politikak "indarkeria maila gorenean zegoenean zuen ankerkeria bera" izatea ezin dela ulertu esan dute. Eta ezin da ulertu sakabanaketa ere mantentzea.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PSNek, Elkarrekin Podemosek, Geroa Baik eta Ezker Batuak EAEko zein Nafarroako instituzioetan espetxe politika aldatzea babestu dutela gogoratu eta eskertu dute, eta horregatik, orain mahai gainean duten negoziaketan ere gai hau gakoa izango dela espero dutela gaineratu dute.