Politika -
Botere publikoei eskaera
Bakearen Aldeko Koordinakundeak tortura salaketak ikertzeko eskatu du
Espainian tortura ez dela "praktika sistematikoa" esan du baina salaketak eta epaiak daudenez, beharrezkotzat jo du ikertzea, Zuzenbide Estatuak ondo funtzionatzen duela frogatzeko.
Erredakzioa
Bakearen Aldeko Koordinakundeak botere publikoei tortura salaketak ikertzeko eskatu die, modu horretan Zuzenbide Estatuak ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko.
Atzo Legebiltzarrean atxilotutako pertsonak torturatzea, tratu txarrak ematea eta iraintzea "errefusatu" zuten eta zentzu horretan Fiskaltzari egiten diren salaketak "azkenera arte" ikertzeko eskatu zioten. Akordioa EAJ, PSE-EE, Aralar, UPyD eta Ezker Batuaren aldeko botoekin eta EA eta PPren abstentzioekin lortu zen.
Prentsa ohar baten bitartez Bakearen Aldeko Koordinakundeak onartu du, Espainian tortura ez dela "praktika sistematikoa", baina "zoritxarrez" oraindik delitu horien gaineko salaketak eta epaiak daudela gogorarazi du.
Hori dela eta, segurtasun indarrei "ordezkatzen duten sistemari jarraituz" jokatzeko deia egin die eta "atxilotutakoei eskubideak urratzeko edozein tentazio" ekiditeko eskatu die.
Bakearen Aldeko Koordinakundeak botere publikoei indarkeria horren aurka agertzeko eskatu deia ere egin die, horretarako "beharrezko ikerketak egin ditzaten"; beren ustez herritarrei ezin zaie inolako zalantzarik gelditu Zuzenbide Estatuaren funtzionamendu zuzenaren gainean.