Politika -
Zubietako erraustegia
GHK-k ondarezko erantzukizun txostena irekiko die Errazkini eta Intxaurrandietari
Estatuko Kontuen Auzitegiak iaz Bilduren foru-gobernuko kudeatzaile horien aurkako salaketa atzera bota ostean, bide hori hartu dute erraustegiaren lanak geratu zituztenen aurka.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ondarezko erantzukizun zuzenaren txostena irekitzea adostu du 2013an erraustegiaren lanak gelditzea erabaki zuten Bilduko kudeatzaileen aurka; izan ere, 41 milioi euroko kaltea egin zutela uste dute gaur egungo agintariek (EAJ-PSE).
Iaz, Estatuko Kontuen Auzitegiak atzera bota zuen GHK-k Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren (Bildu) aurka jarritako salaketa, eta horren ondoren, GHK-k bide berri hau hartzea adostu du gaurko batzarrean.
Uztaileko asanbladan, GHK-k txosten juridikoa eskatu zuen Errazkinen eta Intxaurrandietaren aurkako erantzukizun zantzuak ba ote zeuden jakiteko eta aipatu txostena martxan jartzeko prozedura zehazteko.
Txosten juridikoa eskuartean, asanbladak erabaki du ondarezko erantzukizun txostena irekitzea Bilduren foru-gobernuak ustez egindako "kalteagatik ardurak eskatzeko", eta lan-hitzarmen bat onartu du Gipuzkoako Aldundiari babes teknikoa eskatzeko.