Politika -

'Sendotasun demokratikoa'

Kale indarkerian 'tolerantzia zero' politikari eutsiko dio Aresek

"Legea aplikatzen laguntzeko" deia egin die Herrizaingo sailburuak administrazioei. Aresek bi lege proposamen aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean.

Rodolfo Ares Herrizaingo Saileko sailburua. Argazkia: EITB
Rodolfo Ares Herrizaingo Saileko sailburua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Halaber, administrazio guztiek, "gobernatzen duenak gobernatzen duela", "legea aplikatzen laguntzeko" desioa azaldu du. Gainera, arauak urratu edo terrorismoaren biktimak iraintzen dituzten kartelak, argazkiak nahiz gainerako euskarriak kentzea espero du Aresek.

Herrizaingo Saileko bi lege-proposamen aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean astelehen honetan, eta, bide batez, Gasteizko Judizmendi auzoan igandean izandako liskarrak aipatu ditu.

Ertzaintzako ibilgailu batean "Gora ETA" idazteagatik gazte bat atxilotu zuten eta beste bi eraman zituzten preso, lehenengoa atxilotzerakoan bi agenteei aurre egiteagatik. Gainera, Hernaniko (Gipuzkoa) kale batzuetan ETAko presoen aurpegiak erakusten zituzten kartel batzuk kendu zituen Ertzaintzak.

Hala ere, sailburuordeak adierazi duenez, kale-indarkeria ekintzek "nabarmen egin dute behera", eta Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzak horiei aurre egiteko eta jaien normaltasuna bermatzeko lanean jarraituko dutela esan du.

Aresen arabera, adi aztertuko dituzte Bildu koalizioko alkateek eta zinegotziek erakusten dituzten jarrerak, eta, horren harian, "onena elkarbizitza sendotzea" dela gaineratu du.

Aresen esanetan, Euskadiko hiri eta herrietako jaiak "elkarbizitzaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera dira, eta ez alderdietako aldarrikapenak egiteko edo legeak urratzeko".

Azkenik, Andoaingo bizkartzainen ika-mika aztertzeko astelehen honetarako aurreikusitako bileran akordio bat lortzeko itxaropena azaldu du Aresek. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak babes neurriak behar dituzten guztien segurtasuna bermatuko duela berretsi du.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren legea

Halaber, Poliziaren legearen erreforma eta Segurtasun Publikoaren etorkizuneko legearen proiektua aurkeztu ditu Aresek Eusko Legebiltzarrean. Bi aurreproiektu hauek Gobernu bilerak onartuko ditu astearte honetan.

Euskadiko segurtasunaren plan orokorrak Poliziaren, segurtasun publikoko, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuetarako amankomuneko eremu bat aurreikusiko du. Gainera, trafiko eta errepideetako segurtasuna eta jokoen, ikuskizunen eta segurtasun pribatuaren erregulazioak ere hartuko ditu.

Horrekin batera, Euskadiko Poliziaren eta Larrialdi Zerbitzuetako kideak hezitzeko zentro bihurtuko dute Arkaute akademia. Horrela, poliziak, suhiltzaileak eta babes zibileko kideakhezituko dituzte bertan.

Etorkizuneko erreforma honek polizia kidegoetan emakumeen sartzea erraztuko du. Sartzeko deialdien arabera, emakumeentzat izango dira, gehienez, lanpostuen % 40.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea