Publizitatea
Itxi

2019/12/22

13:05

Politika

KASUA, IREKITA

NBEren Behartutako Desagerpenen Lantaldea 'Naparra'ren familiarekin bilduko da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

2020ko otsailean bilduko dira Genevan, kasua argitzen saiatzen jarraitzeko. 1980ko ekainean desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Alvarez eta gerra zikinarekin lotu izan da beti.

1:40
Jose Miguel Etxebarria 'Naparra'
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nazio Batuen Erakundearen Behartutako Desagerpenen Lantaldeak gutuna igorri die Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra'ren senideei, Espainiako Gobernuari kasuaren inguruan zeukan informazioa jakinarazteko eskatu ondoren, honek ez daukala "informazio osagarririk" erantzun diola jakinaraziz. Horren aurrean, Lantaldeak 2020ko otsailaren 10 eta 14 artean Genevan (Suitza) egingo dituzten 120. jardunaldietara gonbidatu ditu, ikerketarekin jarraitu ahal izateko: "Espainiako Gobernuak emandako informazioa nahikoa ez denez Etxeberria Alvarez jaunari gertatuta edo lokalizazioa argitzeko, zure kasua aztertzen jarraituko du Lantalde honek. Lantaldeak eskertuko luke, lehenbailehen, helaraziko bazeniguke Gobernuak eman duen erantzunaren inguruan egin nahi duzun edozein komentario, aipamen edo galdera" idatzi dute.

Naparraren senideek zabaldu dutenez, jada jakinarazi diote NBEren Behartutako Desagerpenen Lantaldeari joango direla otsailean Genevara, eta bilera pribatua egiteko data zehazteko zain dira orain.

Espainiako Gobernuak emandako erantzun hutsalari, Frantziako Gobernuaren mugimendu eza gehitu behar zaio. Ez baitu oraindik aktibatu Landetan egin beharko litzatekeen bigarren bilaketa saioa, 2017ko apirilaren 4an egin zenak porrot egin ostean.

Bere garaian, Frantziako Gobernuak artxibatu egin zuen Naparraren desagerketaren auzia, salaketa jarri eta bi urtera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak, berriz, 2004an artxibatu zuen kasua, Batallon Vasco Españolek erreibindikatutako bahiketaren eta hilketaren arduradunak identifikatzea lortu ez zutelako.

Gerra zikinaren baitan kokatzen den auzia argitzeko borrokan jarraitu zuen, ordea, familiak eta 2016ko urrian, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak auzia berrirekitzea lortu zuten. Iñaki Errazkin kazetariak lortutako informazio bati esker eta informazio hori aitzat hartuta Paco Etxeberria auzitegi-medikuak gorpua non egon zitekeen egindako txostena oinarri hartuta ireki zuen auzia Moreno epaileak. Naparraren gorpua Mont-De-Marsan inguruan bilatzeko eskatu zion Frantziari.

2017ko apirilean egin zuten bilaketa baina ez zuen arrakastarik izan. Familiak presioa egiten jarraitu zuen eta 2018ko maiatzean Auzitegi Nazionalak diligentziak berrirekitzea erabaki zuen Naparraren gorpua berriz ere Mont de Marsan inguruan bilatzeko, baina lehen aldian arakatu ez zen toki batean. Bi diligentzia berri egitea erabaki zen: bigarren bilaketa hori eta gorpua non egon zitekeen ohartarazi zuen ustezko CESIDeko agenteari deklarazioa hartzea.

Familia bigarren bilaketa prozesu horren zain dago orduz geroztik.

NBEk "behartutako desagertze" gisa izendatu zuen, eta beraz, Naparraren kasua ez da preskribatzen.

Kasua

Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz, Simca 1100 autoan, Baiona-Donibane Lohitzune errepidean 14:30 aldera. Eta ondoren, Donibane Lohitzuneko La Consolation tabernan pertsona batekin eztabaidatzen.

Senideek 1980ko ekaiaren 18an jarri zuten desagerpenaren salaketa. Hurrengo egunean, ekainaren 19an, Ziburun agertu zen autoa, komisaria baten ondoan.

Ekainaren 20an, Komando Autonomo Antikapitalista Independenteek oharra kaleratu zuten Etxeberriaren militantzia aitortuz eta desagerpena salatuz.

Ekainaren 21ean, BVE Batallon Vasco-Español taldeak bahiketa erreibindikatu zuen  Deia egunkariari egindako dei batean. Uztailaren 3an berriz ere deitu zuten eta ekainaren 30ean hil egin zutela jakinarazi zuten. Biarritzen, Txantxako zonaldean lurperatu zutela ere adierazi zuten eta zortzi egun lehenago mapa bidali ziotela Baionako suprefekturara, non zegoen lurperatuta jakinaraziz.

Uztailaren 24an eta abuztuaren 2an Batallon Vasco-Españolek Egin egunkarira deitu zuen eta hiru gendarmek Naparraren gorpua deshobiratu eta Txantakotik San Vicente de Triossira eraman zutela (Dax-etik gertu) jakinarazi zuten.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena