Politika -

Bizkaiko Batzar Nagusiak

Zuriñe Gaintzak 'bakea lortzeko aukera paregabea' azpimarratu du

Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak Espainiako Gobernuari "pausoak" eman ditzala eskatu dio, Sorturen legeztatzean edota espetxe politikan, besteak beste.

Zuriñe Gaintza, Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaia. Argazkia: EITB
Zuriñe Gaintza, Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaia. Argazkia: EITB
Zuriñe Gaintzak (Bildu) 'aldaketa politiko eta sozialaren' alde egin du

00:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zuriñe Gaintza Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak "behin betiko bakea" lortzeko dagoen "aukera paregabea azpimarratu du eta "lehen pauso" bezala "indarkeria egoera desberdinen" etendura eskatu du. Halaber, Espainiako Gobernuari Sorturen legeztatzean edota espetxe politikan "pausoak" emateko eskatu dio.

Zuriñe Gaintza izan da Gernikako Batzar Etxean bi hautagaien artean programa aurkezten lehena. Bilduren ordezkariak adierazi du koalizioa "herritarrekin elkarlanean, Euskal Herriak eta Bizkaiak behar duten aldaketa" bideratzeko prest dagoela.

Azaldu duenez, "inposaketak eta bazterketak iraganeko gauza dira", esan du "Ganbera honetan gehiengoa duen taldeak hori sinetsi nahi ez badu ere", erantsi du EAJri erreferentzia eginez eta Batzar Nagusietako Mahaiaren osaketan koalizioa "zokoratu" izana deitoratu du.

"Gipuzkoan eta Araban talde guztiekin erraztu ditugu akordioak. EAJk Bizkaian Bildu zergatik zokoratu duten azaldu beharko du", erantsi du Gaintzak.

Halaber, Bildu "indarkeria mota guztien desagerpenerako lanean" ari dela azpimarratu du, eta hala, "Gernikako akordioan proposatutako bide orriarekin" bat datorrela gaineratu du.

Zuriñe Gaintzaren ustez, "behin betiko bakea eta normalizazio politikoa lortzeko aukera paregabea dago" eta hori gauzatzeko "lehen pausoa, indarkeria egoera desberdinak etetea" dela adierazi du.

"ETAri eta Estatuari eskakizun zuzena egin zitzaien pausoak emateko, ETAk aldebakarreko su-eten iraunkorra iragarri zuen, arma ekintzak behin betiko uzteko borondateak erakusten duen legez, Estatuak, berriz, ez du inolako pausorik eman", erantsi du.

Gaintzaren ustez, "Espainiako Gobernuaren esku dago orain, urratsak ematea". Hala, "Sorturen legeztatzea" eta "euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika aldatzea" nahitaezkoak direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea