Politika -
Elkarrizketa
Becerra: 'Pablo Iglesiasek ez du bere izaera galduko, ezta bere ideiei uko egingo'
Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak PSOErekin sinatutako ituna txalotu du. Akordioak "begirada ulerkorra ematen dio estatuaren nazioaniztasunari, baina batzuetan jarrerak modulatu beharko dira".
Radio Euskadi | Erredakzioa
Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Equoko kideak PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu akordioa "herrialdeak aurrera egin dezan behar den akordioa" dela esan du. Becerrarentzat garrantzitsuena "multzoa" da; hala ere, "eskumenen banaketa EAEn arazo historikoak sortu dituen kontua da". Exekutiboak "etsai asko" izango dituela onartu du, baina, aldi berean, "pentsiodunei eta langile prekarioei mesede egingo die, hau da, gehiengoari mesede egingo dio eta gutxiengo bati haserrea eragingo dio". Hortaz, "Pablo Iglesiasek bere izaera galduko ez duela eta bere ideiei uko egingo ez diela" adierazi du. Becerrak onartu duenez, zenbait gaitan "gure ideiak irmo defendatzeko uneak izango dira, eta beste batzuetan jarrerak modulatzeko uneak erabili beharko ditugu".
Lurraldetasunaren krisiari dagokionez, Becerrak "Estatuaren nazio aniztasunerantz begirada ulerkorra egongo dela" nabarmendu du, eskuinak "ezkutatzen saiatu den errealitatea agerian utziz". Espainiako Estatuaren "nortasun propioak errespetatzeko eta integratzeko" eskatu du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak.
EAEko aurrekontuen harira, Becerrak azaldu duenez, alderdiak "azterketa soziopolitikoa egin du, eta konturatu gara oposizio lanarekin bakarrik ez dela gure papera ulertzen. Oposizio kritikoa izatea baino zerbait gehiagorako gai garela erakutsi behar genuen". Gainera, EAJn aldarrikapen aurrerakoietarantz jo duten aldaketak ikusten ditu. Becerrak nabarmendu egin du "Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran planteatu ere egin ez zituen" gaiak onartu izana, eta adibide gisa jarri du "berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurka hartutako neurriak".
Bestalde, "Petronorren itxiera antolatu behar dela" azaldu du. "Ez du gobernu batek itxiko, munduko dinamika ekonomikoak baizik", gaineratu du. Becerrak azaldu duenez, automobilaren industriak eta petrokimikak "trantsizioa behar dute" eta "gertatuko da, ez ezkerrak nahi duelako, munduko dinamikak horretara eramango gaituelako baizik". 2040 urterako industria hori egokitu ez bada arazoak izango direla azpimarratu du. "AHTak ez du zentzurik larrialdi klimatikoko egoera batean", adierazi du Becerrak