Politika -

Urte amaierako mezua

Urte berriari begira 'indarrak eta borondateak bateratzeko' deia egin du Urkulluk

Lehendakariak auzolanaren ideia aldarrikatu du herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko, hala nola, enpleguarena, autogobernuarena edota erronka ekologiko eta demografikoa.

Urkullu, urte amaierako mezuan. Argazkia: Lehendakaritza
Lehendakaria, urte amaierako mezuan.
Iñigo Urkullu lehendakariaren urte bukaerako mezua, oso-osorik

6:51

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte berrian Euskadik dituen erronkei —nola enplegua hala autogobernua— aurre egiteko "indarrak eta borondateak bateratu" behar dituela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta horren alde egin du urte amaierako mezuan.

Lehendakariak Gernikako zuhaizpetik herritarrei zuzendutako hitzaldian ohartarazi duenez, 2020a "ez da erraza izango; baina, ziur naiz: Euskadik aurrera egiten jarraituko du" eta zeregin horretan 'bateratu" hitzaren esanahia aldarrikatu du tresna gisa.

Urte amaierako mezua iraganari begiratuta abiatu du Urkulluk, aurten bete baitira 80 urte Gerra Zibila amaitu zenetik. Era berean, Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola lehendakariek utzitako "eredua" goraipatu du. "Agirre eta Leizaola lehendakarien ezaugarria izan zen desberdintasunen gainetik bateratzeko gaitasuna. Ezbehar eta zailtasun handiz betetako aldian, euskal gizartea zerk bateratzen zuen bilatzen ahalegindu ziren", azpimarratu du. 

Urkulluren ustez, eredu horri jarraiki heldu behar zaizkie Euskadik dituen erronkei. "Aldi berri bat bizi dugu. Garai hau ere ziurgabetasunez beteta dago. Erronka izugarriak ditugu; belaunaldi baten ikuspegia gainditzen duten erronkak dira", nabarmendu du.

Erronka horien artean enpleguarena aipatu du lehendakariak, eta helburu nagusia "kalitatezkoa" izatea azpimarratu du, "bereziki gazteentzat". Urkulluren hitzetan, "ondo dakigu egoera ekonomikoa ez dela berriz izango 2008ko krisialdiaren aurretik genuena bezalakoa", baina egoera berri horretan "enpresa eredu berri bat" bultzatu behar dela iritzi dio, "denon parte hartzea bideratuko duena", erantsi du.

Erronka ekologikoa hizpide, Urkulluk esan du "larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoa edo mugikortasun iraunkorra euskal erakundeen eta gizartearen agendaren parte" direla eta, arlo horietan ere, "gaitasunak bateratu" behar direla "erantzun berriak eskaintzeko eta aukerak baliatzeko".

Bestalde, erronka demografikoaren aurrean formula magikorik ez dagoela azpimarratu du lehendakariak eta "aldaketa kulturala" galdegin du: "Neurriak eta baliabideak behar ditugu, familiei laguntzeko eta kontziliazioa errazteko. Aukera berdintasuna bermatu behar dugu".

Erakundeek eta entitate sozialek adostutako Migraziorako Ituna goraipatu du Urkulluk, "harrerari eta integrazioari erantzun positibo bat eskaintzeko akordioa" dela nabarmenduta. Izan ere, "gure Herriari harrera eskaini zaio beti erbestean, orain harrera eskaintzea dagokigu", gogorarazi du lehendakariak.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak "gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta oreka eta justizia soziala bermatuko dituzten gizarte-politikak indartzen jarraituko duela hitzeman du.

El lehendakari, durante su mensaje de fin de año.

Urkullu, Gernikako zuhaizpean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Autogobernuaren gaian "elkargunea zabaltzea" proposatu du

Lehendakariak aparteko aipamena egin dio EAEko autogobernuaren etorkizunari. Urkulluren ustez, "errazena da berdin pentsatzen dutenen artean etorkizun horrek nolakoa izan behar duen adostea. Zailagoa da, ordea, ezberdinen arteko akordioak sustraitzea eta zabaltzea. Gai honetan ere jarrera ezberdinak bateratzeko ahalegina egin behar dugu. Jarrera aldaketa bat eskatzen du, 'gu nor garen eta zer garen' modu irekiago eta bateratzailean ulertzea". 

Horren ildoan, elkargunea zabaltzeko bide hori bestea errespetatuta egin behar dela azpimarratu du.

"Etorkizuna erabakitzeko eta bideratzeko aukera daukagu. Erabaki dezakegu zatitzen gaituena atzean utzi eta batzen gaituenari bultzada ematea", adierazi du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika Iñigo Urkullu Migrazioa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa EAEko Autonomia Estatutua