Politika -

Sanchezen inbestidura

PSOEren zuzendaritzak ERCrekin adostutako ituna berretsi du, baina 'ez erreferenduma'

Gobernu arteko aldebiko mahaian ixten dituzten akordioen inguruko galdeketa Katalunian bakarrik egitea defendatu du Abalosek.

PSOEren zuzendaritza. Argazkia: EFE/ Emilio Naranjo
PSOEren zuzendaritza. Argazkia: EFE/ Emilio Naranjo
PSOEren zuzendaritza. Argazkia: EFE/ Emilio Naranjo

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren Zuzendaritza Federalak ERCrekin adostutako akordioa berretsi du ostiral honetan. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak Espainia osoan galdeketa bat egitea baztertu du. Zentzu horretan, "erreferendum bat ez da izango", argi utzi nahi izan du. Aldebiko mahaiak "arrakasta" izatea espero du.

Gobernu arteko aldebiko mahaian ixten dituzten akordioen inguruko galdeketa Katalunian bakarrik egitea defendatu du Abalosek; izan ere, bi exekutiboei soilik eragingo die.

Galdeketa "ez da autodeterminazio erreferendum bat", ziurtatu du idazkari sozialistak, eta independentziak ez du tarterik.

Hala ere, gobernu arteko mahaian proposamen hori eztabaidatzeko aukera izango dela onartu du buruzagi sozialistak, baina horrek "ez du onartuko dugunik esan nahi. Gure jarrera aski ezaguna da, Konstituziotik at ezer ere ez".

Espainiako lurralde osoak kontsultan parte hartzea baztertu du Abalosek, "erkidegoaren esparruko gaiak direlako, eta ez dituzte besteek bozkatu behar".

"Errealitate politikoak etengabe eraikitzen ari dira, edozein neurri aurrera ateratzeko gehiengoak beharrezkoak dira, eta parlamentarismoak une oro aginduko du", zehaztu duenez.

Abalos: "Konstituziotik at ezer ere ez"

Aldebikotasuna ordenamendu juridikoaren parte dela errepikatu du Abalosek, eta erkidego autonomo guztiak horrela garatzen dira. "Orain arte praktikan jarri ez izana beste kontu bat da", erantsi du.

Bestalde, gobernu arteko negoziazio mahaian Konstituzioa "muga" izango denik ukatu du Marta Vilalta ERCko bozeramaileak, "legeak demokraziari eta herritarren borondateari egokitu behar baitira, eta ez alderantziz".

"Legeak aurrera ez egiteko aitzakia edo lurralde ala herri baten aurrerabidea ezin dezakete mugatu", adierazi du bozeramaile errepublikarrak Catalunya Radion.

Konstituzioa negoziazioan "muga bat" izan daitekeela galdetu diotenean, "joko zelaia, marko legala, ordenamendu juridiko demokratikoa dela identifikatu dugu; Konstituzioaz haratago doa, zuzenbidearen printzipio demokratikoak direlako, baita nazioarteko zuzenbidearenak ere (…) Demokrazia eta herritarren borondatea unean uneko marko legalen gainetik daude", erantzun du.

Dena den, Pedro Sanchezen inbestiduran ERCren abstentzioa bermaturik dagoela ziurtatu du Vilaltak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak