Itxi

2020/01/09

13:27

Politika

Espetxe-politika

Urtarrilaren 11ko manifestazioa inflexio puntu garrantzitsua izatea espero du Sarek

eitb.eus

Herritarren sarearen iritziz, martxak "aktibazio sozialaren" zikloaren hasiera eta geroa markatu behar ditu, eta horregatik, Bilboko manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

  • Gaurko prentsaurrekoa

    Gaurko prentsaurrekoa. Argazkia: @Sare_herritarra

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duen Sare herritar sareak espero du larunbat honetan, urtarrilaren 11n, Bilboko kaleak berriro betetzea, elkarbizitzan eta bakean oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko. "Manifestazioa inflexio puntu garrantzitsua izan behar da, iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duena gizartea aktibatzeko ziklo berri honetan", esan dute Sareko ordezkariek prentsaurrekoan.

Ildo horretan, "orain presoen aldeko urratsak emateko eta prozesuaren erritmoa aldatzeko unea dela" esan dute, espetxe-politika aldatzeko beharra baitago.

"Espainiako gobernua urrats txikiak ematen hasi zen: graduen progresioari dagokionez; preso batzuk, gutxi, hurbilago dauden espetxeetara ekarri ditu; baimenen bat eman du, eta zerbait humanizatu du gaixotasunak dituzten preso batzuen egoera. Oso urrats txikiak izan dira, eta gutxi izan dira. Ausardia eskatu behar dugu, urrats gehiago emateko, urgentea baita", esan dute.

Helburu horretan, "euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko erregimenari amaiera emango dion espetxe politika bat aplikatzea ekarriko duen prozesua abiatzea eskatu dute, etapa bati amaiera emateko eta presoak etxera itzultzeko", esan dute.

"Estatuak jada ez du arazorik existitzen ez den banda batekin. Arazoa, gero eta gehiago, gizartearekin du, gizarte horrek ez baitu nahi bere izenean euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzea", ohartarazi dute.

Horrenbestez, urtarrilaren 11n, Bilboko kaleetan, bakean, justizian eta bizikidetzan oinarritutako gizarte baten alde lan egiteko konpromisoa ere helaraziko dute. "Lan egingo dugu bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizartea lortzeko. Minik sortzen ez duen gizarte bat, biktima gehiagorik gabe, euskal presorik gabe", gaineratu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;