Politika -

profila

Arancha Gonzalez, Europarekin liluratutako tolosarra

Atzerri ministro berria legelaria da, eta sei hizkuntza hitz egiten ditu. Nazioarteko harremanetan eta merkataritzan aditua da.

Arancha Gonzalez. Argazkia: EFE
Arancha Gonzalez Laya.
Arancha Gonzalez Laya legelari gipuzkoarra izango da Atzerri ministro berria

1:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arancha Gonzalez Laya (Tolosa, 1969) izango da Espainiako Gobernuko Atzerri gaietako, EB eta Kooperazio ministro berria, Moncloako iturriek gaur baieztatu dutenez.  

Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta graduondokoa du Europako Zuzenbidean (Madrilgo Carlos IIi. Unibertsitatea). Sektore pribatuan zein publikoan jardundakoa, nazioarteko harremanetan eta merkataritzan aditua da.

Bruselan, Bruckhaus Westrick Stegemann abokatu bulegoan hasi zen lanean, enpresei zuzenbidean, merkataritzan eta Estatuko laguntzen inguruan aholkularitza emanez.

Ondoren, sektore publikora egin zuen jauzi, eta Europako Batzordeko hainbat kargu izan ditu. Zortzi urtez, Pascal Lamy Munduko Merkataritza Erakundeko zuzendariaren kabinete burua izan zen, eta horren ordezkaria G-20an. Postu horretan lehen emakumezkoa izan zen Gonzalez, baita pertsonarik gazteena ere.

2013tik, ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroaren —Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Merkataritza Erakundeak sortutako garapenerako agentzia— zuzendari exekutiboa izan da. Genevan (Suitza) du egoitza ITCk. 

Horrez gain, genero berdintasunaren aldeko International Gender Champions erakundeko presidentea da, eta emakumearen ahalduntze ekonomikoaren aldeko hainbat ekimen bultzatu ditu ITC zentroaren zuzendaritzatik. Horren adibide, 2015ean SheTrades Initiative programa jarri zuen martxan, munduko txoko ezberdinetako emakumezko enpresaburuak konektatzeko. Iaz, "Women Shaping Global Economic Governance" liburua idatzi zuen Marion Jansenekin batera. Gobernantza ekonomikoaren alorrean lider diren 28 emakumeren saiakerak batu zituzten Gonzalezek eta Jansenek.

El Pais egunkariari 2011n eskainitako elkarrizketa batean aitortu zuenez, Europarekin liluratuta zegoen nerabezarotik, "mundu zibilizatuaren ikur" gisa. Horregatik agian, gaztetik zekien Europako gaietan, Bruselan, jardungo zuela, "zehazki zertan" ez zekien arren.

"Ikasle saiatu eta tematia", gazte zela utzi zuen jaioterria, eta 23 urterekin atzerrira joan zen bizitzera (azken urteak Genevan eman ditu). Sei hizkuntza dakizki (euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera), euskara "nahiko herdoilduta" duela aitortzen badu ere.

Espainian egingo lituzkeen aldaketez galdetuta, honakoak aipatu zituen: "arrakasta arinaren kultura"ri eta ustelkeriari amaiera ematea eta "ongizate publikoaren sentimendua sustatzea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Gipuzkoa Brusela Tolosa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak