Politika -
Araba
Javier Martinez Iruña Okako alkate sozialistak dimisioa eman du
Epai batek Udala 840.000 euro ordaintzera zigortu du hirigintza arazo batengatik. Gainera, alkateak trafiko istripua izan eta positibo eman zuen alkoholemia-kontrolean.
Agentzia | Erredakzioa
Javier Martinez Iruña Okako (Araba) alkate sozialistak dimisioa eman du ostiral honetan. "Udalaren kudeaketan desgobernua nahi dute batzuek", salatu du agurrean. Era berean, gobernatu ahal izateko "gehiengo egonkor baten falta" kritikatu du. Zinegotzi gisa ere ez du jarraituko.
Martinezek agerraldia egin du, baina ez du galderarik erantzun. Udaleko oposizioak dimisioa eskatu zuen. Epai batek Udala 840.000 euro ordaintzera zigortu du hirigintza arazo batengatik. Gainera, alkateak trafiko istripua izan eta positibo eman zuen alkoholemia-kontrolean.
Iruña Okak 3.000 biztanle baino gehiago ditu, eta PSE-EEk Araban gobernatzen duen udal bakarra da. Podemoseko zinegotziaren babesarekin bereganatu zuen Alkatetza. Sozialistak Alkatetza mantentzen saiatuko dira. Hilabete barru egingo den Udalbatzan erabakiko dute hori.
"Adostasunetik etorkizuneko bidea egin ahal izateko, akordioak eragozten dituen oztopoa ez dut izan nahi", azpimarratu du. PSE-EEk beharrezko babesak lortzen baldin baditu, Miguel Angel Montes sozialistak har dezake aginte makila.
Martinez 2004tik zen Iruña Okako alkate. Azken legealdian Podemosen babes bakarrarekin heldu zen boterera. Bitartean, EAJko zinegotziak abstenitu ziren, nahiz eta EAEko erakunde nagusietan PSE-EErekin koalizio akordioak izan. Era berean, PP abstenitu zen, eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuen.
Proiektu sozialista zuzentzen jarraitzeko "indar nahikorik" ez duela aitortu du alkateak. "Ezkutaturik eta babesturik egon direnek gertakari ezberdinak aprobetxatu dituzte, inbidia labanak eta eserleku bat betetzeko grina ateratzeko", kritikatu du.
Sigla politikorik aipatu gabe, bere irudia hondatzeko "pozoitze publikoa" aurrera eramatea leporatu die. "Anbizio, leialtasun eta ideia politiko gabezia" izatea egotzi die, baita "interes partikularrak soilik" defendatzea ere.
2004an, udal hauteskundeetara aurkeztu zen aurreneko aldian, "ETAren indarkeriak desberdin pentsatzen zutenak jazartzen zituen", gogorarazi duenez. Alabak "biolentoen errepresialen beldurrik gabe pentsatzen duena aske adierazteko" konpromisoa bete eta pozik alde egiten duela erantsi du.
Azkenik, "gustatu ez diren eta herriko bizilagunei kalte egin dieten erabakiak hartuko nituen, baina beti guztien interesei begiratuz", nabarmendu du.