Politika -

2020ko kontuak

EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak aurreakordioa egin dute aurrekontuak onartzeko

Hori horrela, koalizio abertzaleak uko egin dio osoko zuzenketak aurkezteari, politika publikoen inguruko akordio "zehatzak" lortu baititu.

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko bilera. Argazkia: Efe
Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko bilera. Argazkia: Efe
Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko bilera. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite buru duen Nafarroako Gobernuak aurreakordioa egin du EH Bilduren talde parlamentarioarekin koalizioak ez dezan 2020ko aurrekontu orokorren aurkako osoko zuzenketarik aurkeztu, kontrakoa baizik, koalizio abertzaleak kontuen onarpena erraz dezan.

Foru Gobernuaren arabera, "Nafarroa erkidego anitza den heinean, herritarrek elkarrizketarako gaitasuna eta gizarteari onura zuzena ekarriko dioten proposamenak adostea eskatzen dute, hala nola, zerbitzu publikoak indartzea, berrikuntzaren aldeko apustua, gizarte eta lurralde egituraketan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egitea".

"Zalantzarik gabe, albiste ona da Foru Erkidegoko herritar guztiontzat gizarte gisa ditugun erronkei aurre egiteko aurrekontuak izatea", gaineratu du Nafarroako Gobernuak.

Gastu muga handitzea aurreikusten du aurreakordioak, eta horri esker, EH Bilduren arabera, "zuzenketak aurkezteko aukera egongo da aurrekontu proiektua lurralde egituraketa ikuspuntutik hobetzeko, eta zerbitzu publikoak eta herritarren eskubideak indartzeko".

Koalizioak azaldu duenez, "helburu horrekin", bi aldeek akordio "zehatzak" egin dituzte 2020an aurrera eramango dituzten politika publikoen inguruan, eta "Parlamentuko izapideetan eta Gobernuaren jardueran geratuko dira agerian".

EH Bilduk azaldu duenez, "izaera horretako akordioa lortuta", koalizioak osoko zuzenketarik ez aurkezteko eta egon daitezkeenen aurka bozkatzeko konpromisioa hartu du.

PSN "gustura" agertu da aurreakordioarekin. Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkariak esan du "desberdinen arteko elkarrizketaren eta negoziazioaren emaitza dela gaurko sinadura".

Alzorrizen esanetan, dokumentuan agerian geratzen da Nafarroako Gobernuaren lehentasuna "eskubide sozialekiko konpromisoa eta zerbitzu publikoen hobekuntza" direla.

Sozialista nafarrek uste dute Chiviteren Gobernuak "ulertu" egin duela "herritarren agindua", eta "egunerokoan axola duten gauzak" adostu dituztela "Nafarroaren garapenaren aldeko apustua egiteko".

Navarra Sumak aurreakordioaren berri izan ostean azaldu duenez, Maria Chivitek "inbestidura markatu zuen Bilduren gidoia jarraitzen du zehatz mehatz".

"Esan zuten ez zutela hitz egingo, ez zutela itunik egingo… Gezurretan ari ziren", adierazi du UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatzen duten koalizioak Twitterren.

Navarra Sumarentzat, aurreakordioak ez ditu "Navarra Suma bozkatu zuten 127.000 nafarrak engainatzen, Nafarroa osoko herritar guztiak baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSN Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Navarra Suma María Chivite Nafarroako Aurrekontu Publikoak 2024