Politika -
40.urteurrena
Alonsotegik Aldana tabernako atentatuaren biktimak oroitu ditu
Lehendakariak "argitzeke" dagoen atentatua dela gogorarazi eta gertutasuna helarazi die biktimen senideei.
agentziak | erredakzioa
Alonsotegik (Bizkaia) Aldana tabernako atentatuaren biktimak oroitu ditu 40. urteurrenean. 1980ko urtarrilaren 20 hartan lau pertsona hil zituzten atentatu batean, eta oraindik ez dute inor auzipetu eraso harengatik.
Iñigo Urkullu lehendakari Alonsotegin jaioa da, eta bertan bizi zen atentatua gertatu zenean. Gertutasuna agertu die biktimen senideei atentatuaren urteurrenean, eta gogorarazi du oraindik "argitzeke" dagoen krimena dela.
Manuel Santacoloma, Liborio Arana eta Mari Paz Ariño eta Pacifico Fica bikotea hil zituzten GAE (Grupos Armados Españoles) taldeak bere gain hartu zuen atentatuan, eta 10 lagun baino gehiago zauritu ziren.
Joseba Urbieta Alonsotegiko alkateak opari bat egin die hildakoen senideei eta Garbi Zarate eta Jose Angel Gonzalez familiartekoei. Azken horiek tabernaren jabeak ziren.
Urbietak gogorarazi du "inork ere ez" duela zigorrik jaso "hilketa koldar" horiengatik, eta "sekula ez" dela justizia egingo biktimekin eta senideekin "hilketaren egileak identifikatu eta ardurak argitu arte gutxienez".