Politika -

Irungo aurrekontuak

Koalizio ituna "urratzea" egotzi die EAJk Santanori eta Irungo PSE-EEri

GBBk akordioaren jarraipenerako batzordearen "lurralde mailako bilera" deitu du egoera aztertzeko.

Xabier Iridioi EAJren burua Irunen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Xabier Iridioi EAJren burua Irunen.
Xabier Iridioi EAJren burua Irunen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Gipuzku Buru Batzarrari (GBB) ez zaio gustatu Irungo aurrekontuei bide emateko akordioa, eta EAJrekin zuten gobernagarritasun ituna "urratzea" egotzi die Santano alkateari eta PSE-EEri. Hori dela eta, akordioaren jarraipenerako batzordearen "lurralde mailako bilera" deitu du egoera aztertzeko.

Horrez gain, jeltzaleek aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketei eta botoari eutsi diete.

GBBk ohar batean gogorarazi duenez, foru eta udal hauteskundeen ostean sozialistekin izenpetutako gobernagarritasunerako itunaren arabera, bi alderdiak derrigortuta daude udal aurrekontuak negoziatzera, eta "udalerri batean akordiorik lortzen ez bada, bi alderdietako lurralde zuzendaritzek esku hartuko dute konponezinak bideratzeko eta akordioa bermatzeko".

Hori egin beharrean, "Santanok eta PSE-EEk, bakoitzak bere eremuan, udalerrian eta, hala behar balitz, lurralde mailan, EAJrekin negoziatzeko nahitaezko betebeharrari bizkarra emanez, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin aurrekontu-akordio itxiak aurkeztu dituzte, hitzartutako arauaren aurka joz bete-betean", salatu dute jeltzaleek.

EAJren esanetan, "nabarmenki egiaztatua geratu da EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen jarrera politikoaren izaera taktiko eta gezurtia 2019ko udal hauteskundeen ostean alkatea izendatzeko aldian. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Santanoren aldeko hautua egin dute".

GBBk gogorarazi duenez, udal hauteskundeen ostean, EAJk ituna bete eta Santanoren inbestidura babestu zuen, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin gehiengo alternatiboa osatu beharrean. "Denbora igarota, agerian geratu da ez Santanok ez PSE-EEk ez dutela akordiorik nahi EAJrekin Irunen ez orain ez lehen", kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Irun Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi