Politika -
Sedizioa eta matxinada
Zigor Kodearen erreforma defendatu du Calvok, "jokabide demokratikoetara egokitzeko"
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Espainiaratzeko Pablo Llarena epaileak egindako eskaerari uko egin zion Alemaniako justiziaren erabakiaz hitz egin du Calvok.
Agentziak | Erredakzioa
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak Zigor Kodea erreformatu eta matxinada eta sedizio delituen gaur egungo araudia berrikusteko beharra nabarmendu du, "Espainiako eguneroko bizitzan onartutako jokabide demokratikoak eta Europako zuzenbidean jasotako delitu penalak hobeto egokitzeko asmoz".
"Konstituzioa onartu aurretik aurreikusitako delitu batzuk jasota daude Zigor Kodean, inoiz gertatzea nahi ez ditugun jazoerekin bat ez datozenak (…) Guk, alderdi politiko gisa, beti izan dugu gure gobernu-programan eta lege-erreformarako proiektuen baitan Zigor Kodearen aldaketa gauzatzeko asmoa, Espainian eguneroko bizitzan onartutako jokabide demokratikoekin bat etorri behar dela uste dugulako. Izan ere, Alemaniako Justiziak emandako epairen batean, gure Zigor Kodean jasotako delitu batzuk arrotzak direla ohartarazi zigun", azpimarratu du Calvok asteazken honetan, Ser irratian egindako elkarrizketa batean.
Zehazki, Pablo Llarena epaileak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Espainiaratzeko egindako eskaerari uko egin zion Alemaniako Justiziaren erabakiaz hitz egin du Calvok.
Halaber, Espainiako Gobernuko presidenteordeak gogora ekarri duenez, "herrialde honetako egoera batzuekin gutxi egokitzen diren delitu penalak" daudela ohartarazi zuen Sanchezen Exekutiboak proces auziko buruzagiak epaitu zituen prozesu judizialean, Estatuko Abokatutzaren bitartez, urriaren 14ko epaian egiaztatu zen moduan. Izan ere, proces auziaren lehen epaian, Kataluniako buruzagi independentistak sedizioagatik kondenatu zituztela gogoratu du, Fiskaltzak matxinada leporatzen zien arren.
Arrazoi horregatik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak matxinada eta sedizio delituen tipifikazioa eguneratzeko proposamena egingo du Kongresuan, "egungo errealitatera hobeto egokitu daitezen". Oraingoz ez du xehetasunik eman, baina gainerako talde parlamentarioen babesa beharko du Zigor Kodearen balizko erreforma aurrera eramateko.